2017-05-09
Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen eskutik, eta UrbanZientzia ekimenaren programazioaren barruan, Geo-Talks ekitaldia egingo da datorren ostiralean, hilak 19, 18:00etan, Donostiako Katalunia Plazan.
Zientzialariek eta kultur sortzaileek bat egingo dute datorren maiatzaren 19an, ostiralez, Geo-Talks izeneko ekimen artistiko-zientifikoan Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen eskutik, Donostiako Olatu Talka Jaialdiaren baitan. Ekitaldi hau Teknahik zientzia kalean zabaltzeko asmoz antolatu duen UrbanZientzia ekimenaren programazioaren barruan egingo da.
Saioak 10 minutuko hitzaldi zientifikoak hartuko ditu izen handiko sei adituren eskutik, denak Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kideak, hala nola, Stanley Finney geologoa, Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea, IUGSeko Idazkari Nagusia (Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna) eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko presidentea; Juan Carlos Gutierrez, CSICeko paleontologoa (Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordea); Estibaliz Apellaniz, EHUko paleontologoa; Jon Zulaika, Gipuzkoako Foru Aldundiko biologoa; Arantza Aranburu, EHUko geologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea; eta Xabier Peñalver, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa.
Euskal Kostaldeko Geoparkearen balioak ikuspegi ezberdinetatik jorratuko dituzte hizlariek, bakoitzak bere ezagutza eta lan esparrutik.
Hauexek eskainiko dituzten hitzaldiak:
Zientzialariekin batera, ekitaldian parte hartuko dute Inazio Tolosa eta Esti Curiel aktoreek, Ander Hormazuri eta Juanlu Blanco txalapartariek, Maialen Belarde bertsolariak, Beñat Fernandez musikariak eta Josu Maroto marrazkilariak. Inazio Tolosaren zuzendaritzapean, ekitaldia osatuko dute sormena, bizitasuna eta freskotasuna gaineratuz.
Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Donostiako Katalunia Plazan, eta 90 minutuko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango da. Sarrera librea eta doakoa izango da aretoa bete arte.
Ekitaldi honek emango dio hasiera aurtengo Europako Geoparkeen Asteari. Geoparkeen Astea ekainaren 4ra arte luzatuko da eta orotariko ekintzak eskainiko dira Deban, Mutrikun eta Zumaian, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan.