Geoparkeen sareko kideen arteko bi bilera hartu ditu aste honetan Debak

2012-07-05

Batetik, Geoparkeen Foroa burutu da, estatuko zazpi Geoparkeen parte hartzearekin. Bestetik, ‘Geoempleo’ izeneko proiektuan parte-hartzen ari diren Tokiko Ekintza Taldeen eta Geoparkeen arteko batzarra egin da Deban.


Aste honetan autonomia erkidego ezberdinetatik etorritako Tokiko Ekintza Talde eta Geoparkeetako ordezkarien arteko bilera burutu da Deban, ‘Geoempleo’ proiektuaren gainean jarduteko.

 

Proiektu hau 2011. urtearen amaieran hasi zen eta Geoturismoa sustatzea du helburu, enplegua eta negozio-aukera berrien sorrera bultzatze aldera, batez ere, landa eremuan. Proiektu honetan 13 lurraldeetako ordezkariak ari dira lanean, Tokiko Ekintza Taldeen bitartez.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak anfitrioi lanak bete ditu egunotan eta Geoparkea osatzen duten 3 herriak, Deba, Mutriku eta Zumaia, ezagutzeko ibilaldiak antolatu ditu bisitarientzat.

 

Geogarapen Elkarteko kideez gainera, ekimenean hartu dute parte Debako udal ordezkariek, Debegesa garapen agentziako kideek eta Euskadiko Tokiko Ekintza Taldea osatzen duen Mendinet erakundeko ordezkari Ana Fernandezek. 

Geoparkeen Foroa

Halaber, pasa den asteartean, uztailaren 3an, estatuko Geoparkeen Foroak bilera egin zuen   Debako Agirre Jauregian.

Bertan estatuko zazpi Geoparkeek hartu zuten parte: Geoparque del Parque Cultural del Maestrazgo (Teruel-Aragoi), Geoparque de Sobrarbe (Huesca-Aragoi), Geoparque de Villuercas-Ibores-Jara (Extremadura), Geoparque de Cabo de Gata-Níjar (Almeria-Andaluzia), Geoparque de Sierras Subbéticas (Kordoba-Andaluzia), Geoparque de Sierra Norte de Sevilla (Sevilla-Andaluzia) eta Euskal Kostaldeko Geoparkea (Gipuzkoa-Euskadi).

Foroak hainbat helburu ditu, horien artean, Geoparkeen jarduera modu bateratuan zabaltzea eta sustatzea eta Europar Geoparkeen Sareko arduradunen aurrean solaskide lanak egitea.

Bileran landu zituzten gaien artean zeuden, batetik, Lurraren Zientzien alfabetizaziorako dokumentuari atxikimendua eta, bestetik, UNESCOren aldetik ahalik eta estaldura gehien lortzeko estrategia ezberdinak.

None
Geoparkeen sareko kideen arteko bi bilera hartu ditu aste honetan Debak