Euskal Kostaldeko Geoparkeak Unescoren Munduko Geoparkeen X. Nazioarteko Batzarrean parte hartu du

2023-09-11

Munduko 50 herrialdetan sakabanatuta dauden geoparkeetako mila ikertzailek eta ordezkarik parte hartu dute joan den astean Marokon egindako Munduko Unesco Geoparkeen X. Nazioarteko Konferentzian. Irailaren 5ean hasi zen topaketa aurreikusitako eguna baino lehen amaitu behar izan zen, joan den ostiralean herrialdea astindu zuen lurrikarak zuzenean eragin baitzion ekitaldiaren hiri anfitrioiari, Marrakexi.

Euskal Kostaldeko Geoparkeko bi ordezkarik parte hartzen ari ziren biltzarrean. Leire Barriuso gerenteak eta Asier Hilario zuzendari zientifikoak onik atera ziren lurrikaratik eta arazorik gabe egin zuten itzulerako bidaia. Biek ala biek elkartasuna eta doluminak adierazi nahi dizkiote Marokoko herriari.

Marrakexeko biltzarrean hainbat mintegi antolatu ziren geoparkeekin lotutako gaiak jorratzeko, ezagutza tradizionala sustatzeko eta transmititzeko, tokiko produktuei balioa emateko, jarduera geoturistikoak garatzeko eta tokiko biztanleak ahalduntzeko. Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerenteak ponentzia bat aurkeztu zuen jendaurrean, Geoparkezaleak izeneko partaidetza-estrategia ardatz hartuta. Deba, Mutriku eta Zumaiako turismo-arloko enpresen parte-hartzea eta kalitate-prozesuekin eta etengabeko hobekuntzarekin hartutako konpromisoa, eta beste erakunde batzuek (Geoeskolak, kultura eta kirol elkarteak, industria-enpresak...) Geoparkearekin lankidetzan gauzatzen duten estrategia berritzaile honek harrera ona izan zuen bilkuran zeuden beste geoparke batzuetako ordezkarien artean.



Munduko Geoparkeen Kontseiluaren bilera

Konferentzia baino egun batzuk lehenago, Unescoren Munduko Geoparkeen Kontseiluaren zortzigarren bilkuraren lehen zatia egin zen Marrakexen. Kontseilu horrek berebiziko garrantzia du Geoparkeen hautagaitza berrien eta berrespenen ebaluazioan. Kontseilua mundu osoko 12 adituk osatzen dute, eta horietako bat Asier Hilario da, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa. Hilariok adierazi duenez, "ohore handia da Geoparkearentzat Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartea (IUGS) ordezkatzen duen Kontseiluan parte hartzea eta sareak eraikitzen jarraitzea".

Geoparkeen Kontseiluak landutako txostena Unescoren Kontseilu Betearazleari aurkeztuko zaio, 2024an, onar dezan. Orain arte onartutako eskaerei baiezkoa emanez gero, Unescoren munduko geoparkeen kopurua 195etik 211ra igaroko litzateke, 48 herrialdetan banatuta.

 

 

 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak Unescoren Munduko Geoparkeen X. Nazioarteko Batzarrean parte hartu du