Euskal Kostaldeko Geoparkeak egoitza berria inauguratu du, itxura modernoago eta irekiagoarekin

2025-07-04

Debako Turismo Bulegoan zuen lantokia utzi eta Simon Berasaluze Plazaren 3.ean kokatu du egoitza Geogarapen elkarteak

Ekainetik, Euskal Kostaldeko Geoparkeak lanerako gune berria du Debako Simon Berasaluze Plazan. Aurrerantzean, beraz, Geoparkea ez da Debako Turismo Bulegoaren baitan kokatuta egongo. Egoitza berrian bilera-gela, lan-eremua, atsedenlekua eta komun egokituak daude, lan-ingurune egokiagoa eta profesionalagoa eskaintzeko.

Atzo egin zuten inaugurazioan Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udaletako eta Debegesako (Debabarreneko Garapenerako Agentzia) ordezkaritza zabala izan zen, besteak beste. Lagunartean eta mokadutxo baten inguruan ospatu zuten Geoparkearen kudeaketan abiatu den fase berria. Debako alkate Alazne Txurrukak adierazi zuenez, “garrantzitsua da Geoparkearen gerentzia Deban edukitzea mapan kokatzen gaituelako; honela sinetsita geunden eta horregatik egin dugu egoitza berriaren aldeko esfortzua”. Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusok zera azpimarratu zuen: “Geoparkearentzat jauzi kualitatiboa da bulego berri hau eta asko eskertzen diogu Debako Udalari egin duen apustua, alde batetik, egoitza berriaren instalazioengatik eta, bestalde, zentralitatea emanez Debak Geoparkean duen garrantzia azpimarratzeagatik”.

 

Elkartearen egoitza

2009an sortu zen Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartea, Geogarapen. Gaur egun, honako bazkideek osatzen dute elkartea: Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalak; Gipuzkoako Foru Aldundia; Eusko Jaurlaritza; UNESCO Etxea; Aranzadi Zientzia Elkartea; Debemen, Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartea; Urkome, Urola Kostako Landa Garapenerako Elkartea; Debegesa, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea; eta Urola Kostako Mankomunitatea.

 

 Euskal Kostaldeko Geoparkeak egoitza berria inauguratu du, itxura modernoago eta irekiagoarekin