Geoparkeak Arno mendikateko hezeguneak ezagutzeko txangoa antolatu du

2023-03-27

Hezeguneen Munduko Egunaren harira irteera egingo da apirilaren 2an

 Joan den otsailaren 2an Hezeguneen Munduko Eguna ospatu zen eta, urtero moduan, data hori Geoparkeko hezeguneak hobeto ezagutzeko baliatu nahi dugu. Tamalez, otsaila oso garai desegokia da mendiko hezeguneetako bizidunak ezagutzeko eta, hori dela eta, aurtengo txangoa udaberrira atzeratu genuen. Azkenean iritsi da eguna: datorren apirilaren 2an (igandea), 10:00etan, Mutrikuko Olazko aparkalekua abiapuntu, Arno mendikateko hezegune batzuk ezagutzeko txangoa egingo dugu, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko adituak lagunduta.

Irteera honetan tamaina ezberdineko hezeguneak topatuko ditugu, naturalak eta artifizialak, lehengoratuak eta ukitu gabekoak... Kostaldean edo mendialdean kokatuta, iraunkorrak ala urtarokoak, sakonera handikoak eta azalekoak, hezeguneak ezinbesteko prozesu biologiko ugarien agertoki dira. Atrezzoan ura, beti.

Akaso padurak dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko hezegunerik ezagunenak, baina mendian ugari dira urmelak, ganaduak edateko erabilitako putzuak, askak edo mendiko pistetako putzu-zuloak. Sarritan oharkabean, animalia askok beren bizitzako funtsezko garaiak igaro ohi dituzte hezeguneotan: intsektuak, arrainak, anfibioak edo hegaztiak dira antzezlan honen aktoreak, eta denek paper nagusia jokatzen dute. Naturan aktore sekundariorik ez dago.

Hezeguneen Munduko Egunaren 2023ko leloak hezeguneak lehengoratzeko unea dela aldarrikatzen du eta, horregatik, Arno mendikateko Ormolako urmaela jarri dugu jomugan. Izan ere, Mutrikuko Udalak duela urte batzuk ganaduak erabiltzen zuen putzua egokitu zuen, ingurua hesitu zuen eta zuhaitz landaketak egin zituen. Urteen poderioz, tokia guztiz naturalizatu da eta gaur egun izaki bizidun askok aterpea aurkitu dute paraje horretan, adibidez:

  • Anfibioak. Mendiko putzuetan ugaltzen dira eta batzuek bizitza osoa han ematen dute.

  • Odonatuak. Uretan edo uretatik gertu jartzen dituzte arrautzak. Intsektu hauek ospe txarrekoak dira, baina guztiz beharrezkoak eta kaltegabekoak dira.

Txangoa doakoa da eta ibili beharrekoa oso luzea eta aldapatsua ez bada ere (joan eta etortzeko bi ordu eta 350 metroko desnibela), sasoi minimoan egotea komeni da. Goiz osoko irteera denez, ura eta jateko zerbait eramatea eskatzen da; eta, jakina, mendian ibiltzeko arropa eta zapata egokiak. Eman izena hemen.

 

Geoparkeak Arno mendikateko hezeguneak ezagutzeko txangoa antolatu du