2013-04-24
Geoparkeak bere eskaintza turistikoa promozionatzen jarraitzen du han eta hemen. Martxoan Berlingo turismo azokan egon ostean, munduko turismo azokarik garrantzitsuena, datorren asteburuan Miarritzeko Avril Expo azokan egongo da.
Avril Expo azoka apirilaren 26tik 28ra burutuko da eta Geoparkeak, iaz bezala, bere stand propioa izango du. Bertan, Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzera eman eta bisita gidatu eta jarduera eskaintza zabala aurkeztuko da.
Berrikuntzen artean, GeoGourmet izenaren pean Geoparkeak berriki aurkeztu dituen tokiko produktuen otarrak promozionatuko ditu, baita audio-giden aukera berria ere. Hain zuzen, atzerritik datozen bisitarientzat audio-gida eskaintza jarriko du abian Geoparkeak datozen asteetan, bai ingelesez eta bai frantsesez, bisitarien artean arrakasta gehien duen jardueran, “Ibilaldi gidatua txalupaz” izenekoa, Deba eta Zumaia arteko flyschgune garrantzitsua ikusteko aukera ematen duen itsas-txangoa, alegia.
Halaber, Geoparkeko standera hurbiltzen diren bisitarien artean bisita gidatuak zozkatuko dira.
Geoparkearentzat Miarritzeko turismo azoka hau hitzordu garrantzitsua da, izan ere, gurera datozen atzerriko bisitarien artean gehiengoa frantsesak dira.