Euskal Kostaldeko Geoparkea Unescoren Munduko Geoparkeen XI. Nazioarteko Batzarrean parte hartzen ari da, Txilen

2025-09-09

Atzo abiatu zen UNESCOren Munduko Geoparkeen Nazioarteko XI. Batzarra eta irailaren 12ra bitartean ospatuko da Txileko Araucanía eskualdean dagoen Temuco hirian. "Antzinako ezagutzatik etorkizuneko Geoparkeetarantz. Teknologiak eta Berrikuntza Digitala garapen iraunkorrerako" ardatz hartuta abiatu da konferentzia. Ekitaldiak mundu osoko 50 herrialdetako mila aditu inguru bildu ditu, geoparkeen etorkizunaz eta ikerketa geologikoaren, garapen iraunkorraren eta turismoaren berrikuntzaz eztabaidatzeko.

Euskal Kostaldeko Geoparkeko bi ordezkari parte hartzen ari dira biltzarrean, Leire Barriuso gerentea eta Asier Hilario zuzendari zientifikoa, hain zuzen. Barriusok bi ponentzia aurkeztuko ditu jendaurrean; batetik, Spanish Global Geopark Network: an alliance of 18 territories (Munduko Geoparkeen Espainiako Sarea: 18 lurraldeko aliantza) ; eta, bestetik, SDG18: “United voices”, a global partnership to protect cultural and linguistic diversity (Garapen Iraunkorrerako 18. Helburua: “Ahots batuak”, kultura eta hizkuntza aniztasuna babesteko aliantza globala). Barriusok adierazi duenez, “oso garrantzitsua da honelako foro batean parte hartzea, bai Geoparkea eta bere jarduna munduari aurkezteko erakusleiho aparta delako, baita gainerako lurraldeen berri lehen eskutik izaten dugulako ere”.

Munduko Geoparkeen Kontseiluaren bilera

Konferentziaren aurretik, irailaren 5ean eta 6an, Unescoren Munduko Geoparkeen Kontseiluaren hamargarren bilkura egin dute. Kontseilu horrek geoparkeen berrespenen eta hautagaitza berrien inguruko azken erabakiaz arduratzen da. Kontseilua mundu osoko 12 adituk osatzen dute. Asier Hilariok, IUGS-en (International Union of Geological Sciences) ordezkari bezala parte hartu du bertan, urtean zehar hautagai berrien azterketa geologikoa koordinatu eta gero, Kontseiluari emaitzen berri emateko funtzioa duelako. Hilariok adierazi duenez, "Kontseiluko bilera luzea eta oso interesgarria izan da. Mundu guztiko 61 geoparkeen egoera aztertu dugu. Bilera hauetan eraikitzen dira UNESCO geoparkeen programaren oinarri nagusiak. Ohore bat da Euskal Kostaldeko Geoparkea bertan ordezkatzea”.

Bestalde, Munduko Geoparkeen Sarearen (GGN) Zuzendaritza Batzordeak herenegun egin zuen bilkuran ere parte-hartze aktiboa izan du Asier Hilariok, IUGSn ordezkari moduan.

Kulturartekotasuna ehuntzen

Kütralkurak, Txilen dagoen geoparke bakarrak, 12.000 kilometro karratuko eremua hartzen du, gehienbat Los Andes mendikatean hedatzen dena. Kütralkura, suzko harria esan nahi du mapudungun hizkuntzan. Geoparke honetan kokatzen da Llaima sumendi ikusgarria, Txileko aktiboenetako bat. Ondare natural eta kultural aparta du Kütralkurak eta naturarekiko errespetuzko eta zaintzazko kosmobisioa duen maputxe-pewenche herriaren sorlekua da.

Egun hauetan, bertan ospatuko diren bilkura eta batzarrez gain, 229ko geoparkeetako ordezkariek beren ekimenak erakusten jardungo dira artisautza, tokiko produktuen eta turismo arloko azoka handian. Euskal Kostaldeko Geoparkeak bertan parte hartuko du, Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen standean. Tailerrek, solasaldiek eta Kütralkura barruko hainbat leku interesgarritara egindako txangoek osatuko dute AGENDA.

Konferentziaren testuinguruan, Munduko Geoparkeen Sareak Geoparkeetako kideak gonbidatu ditu "Itxaropena ehunduz" ekimenean aktiboki parte hartzera. Proiektu hori UNESCOren Munduko Geoparkeak, Kutralkurak eta Temucoko Unibertsitate Katolikoak garatu dute. Proiektu honek kultur ondarearen aniztasuna erakutsi nahi du, lurralde bakoitzeko ehun-pieza adierazgarriak sortuz. Horiek harrotasunez erakutsiko dira konferentziaren egoitzan egunotan. Koloretako hariak lotzen dituen artelan bikain honek geoparkeen sarearen lotura, euren kultura-ondarearen berezitasuna eta giza garapen inklusibo, holistiko eta iraunkorrarekiko duten konpromisoa sinbolizatzen ditu. Euskal Kostaldeko Geoparkeren kasuan, zapi zuri-urdin laukiduna izan da ekarpena egiteko aukeratutako ehuna.

 

Euskal Kostaldeko Geoparkea Unescoren Munduko Geoparkeen XI. Nazioarteko Batzarrean parte hartzen ari da, Txilen