Garapen Jasangarriari buruzko tailerretan parte hartu dute Zumaiako ikasleek, Unesco Etxearen eskutik

2017-04-06

UNESCO Etxearen eskutik, Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxeko ikasleek 2030 Agendaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) inguruan antolatutako tailerretan hartu dute parte.

2015eko irailean, Nazio Batuetako 193 estatu bazkideek mundu mailako akordio bat onartu zuten planetaren norabidea aldatzeko. Pobrezia desagerrarazteko, desorekak gutxitzeko eta planetaren iraunkortasunerako akordioa: “2030 Agenda eta Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH)” deritzona. Agenda hori egia bihurtzeko 17 helburu ezarri dira, 2030. urtea bukatzerako bete beharrekoak.

Hiru egunez, Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxeko ikasleek, GIHei buruzko hausnarketa burutu dute eta zenbait kale-ekintza egin dituzte bai ikastetxean, baita herrian ere, herritarren artean 2030 Agendaren berri zabalduz eta sentsibilizazio jarduerak burutuz.

Ekimenari amaiera emateko, gaur bizikleta martxa eta kale-inkesta bat egin dute, herritarrei GIHak aurkeztu eta Agendan jasotzen diren 17 helburuetatik bat aukeratzeko eskatuz, gehien kezkatzen dituena zein den jakiteko.

Ekimena UNESCO Etxeak antolatu du, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen laguntzarekin.

Garapen Jasangarriari buruzko tailerretan parte hartu dute Zumaiako ikasleek, Unesco Etxearen eskutik