2022-02-20
Charlotte Charbonnel artistaren lana da, eta Nafarroako Uharte Zentroan egongo da ikusgai martxoaren 11tik apirilaren 3ra.
Larunbatean, hilak 19, Itzurun hondartzako ermitaren azpiko kobazuloan Charlotte Charbonnel artistak Aura Loci izeneko pieza artistikoa inauguratu zuen. Huarte Zentroak eta Co-op elkarteak, Euskal Kostaldeko Geoparkearekin elkarlanean, antolatu duten Rocamensia erakusketaren parte izango da pieza hau.
Rocamensia bi artistaren, Charlotte Charbonnelen eta Xabier Erkiziaren, arteko lankidetzaren emaitza da. Artista horien unibertso artistikoa gai komun baten inguruan garatzera gonbidatuak izan ziren: Zumaiako labarretako iridioan, hain zuzen. Erakusketa horretan beraien proposamen artistikoak aurkeztuko dituzten bi artistak Asier Hilariorekin, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa, egon ziren labarretan anomalia horren testuinguru geologikoa ulertzeko.
Aurkezpenean, Charlotte Charbonnelek eta lagun talde batek, Aura Loci pieza inguratu eta “dinosauroen aroaren amaiera markatu zuen denboraren agerpena eta inpresiora deitu zuten”. Zumaian egin den ekintza artistiko hau Nafarroako Uharte zentroan, martxoaren 11tik apirilaren 3ra, erakutsiko den piezaren sormen prozesuaren parte da.
Iridioa ez da oso elementu ohikoa Lurrean. Ohikoagoa da meteorito batzuetan aurkitzea; adibidez, duela 66 milioi urte Yucatan penintsulan talka egin zuen meteoritoan: Chicxulub kraterra. Gertaera horrek etengabeko hauts-euria eragin zuen, eta iridioa Mexikoko mugetatik haratago zabaldu zen. Zumaiako labarren berezitasuna da buztin-geruza mehe batek iridioa kontu handiz kontserbatu duela. Iridio hori flysch izeneko metaketa sedimentarioetan aurkitzen da eta trantsizioa adierazten du; aro baten amaiera eta beste aro berri baten loraldia uztartzen dituen seinale. Kretaziko Paleogenoaren aldaketaren lekuko geologikoa da, bigarren aroaren amaiera markatu zuten narrasti handien desagertze masiboaren testigu.