2021-10-06
18 espeleologoek urriaren 8tik 12ra egingo dituzten lanek lur azpiko 15 km galeria baino gehiago dituen esplorazioarekin jarraitzea ahalbidetuko dute.
Gipuzkoako zabalenetako bat izan arren (15 km baino gehiago), oraindik ez da osorik aztertu, eta ez dago mapa digitalizatu eta osorik. Horregatik, Gipuzkoako Felix Ugarte Elkarteko (F.U.E.) Espeleologia Sailak, lurpeko ingurunea ikertzen duenak, Euskal Kostaldeko Geoparkean, konkretuki Deban, dagoen Aixa-Ibarrengo lurpeko sistema handiaren esplorazioan eta topografian aurrera pausoak eman nahi ditu.
Lanak urriaren 8tik 12ra bitartean egingo dira eta, besteak beste, lan hauek Azpeitiko Udalaren Joxe Takolo 2021 bekari esker eraman daitezke aurrera. F.U.E.-ko hainbat taldek batera eta koordinatuta lan egingo dute eta orain arte egindako azterketetan aurrerapen handia egitea espero da.
Espedizio honen helburua bikoitza da: batetik, lurpeko gune handi horren guztiaren teknologia digital berriei egokitutako mapa bat egitea. Mapa horrek, bere benetako hedadura fisikoaz gain, lurrazpiko urei, haitzuloetako faunari edo ingurune arkeologiko eta kulturalarekin duen erlazioari buruzko informazio osagarria emango du. Eta, bestalde, tokiaren ezagutza handitzea. Galeria ezezagun ugari aztertuko dira, izan ere, Ermittia haitzulotik hurbil egoteagatik (14 km luze) bi barrunbeak elkarrekin lotuta egon daitezke.
Ildo horretatik, Euskal Kostaldeko Geoparkeak espeleologiako irteera gidatua antolatu du Aixako haitzulora azaroaren 6an, Caves&Karst Nazioarteko Urtea dela eta egun horretarako Deban antolatzen ari den jaialdiaren baitan.