Familientzako orientazio zirkuitua antolatu du Geoparkeak larunbaterako

2021-05-27

Maiatzaren 29an, larunbata, Gipuzkoako Orientazio Taldearekin elkarlanean Orientazio Froga antolatu dugu Zumaian.

Orientazio zirkuito horrek helburu bikoitza du: orientazio kirola sustatzea eta Geoparkearen natura ondarea ezagutzera ematea.

Goizeko 10etan elkartuko gara Zumaiako Eusebio Gurrutxaga Plazan eta bertan, orientazioari buruzko beharrezko azalpenak emango dira, jolas bat egingo da eta mapa bat banatuko zaio talde bakoitzari. Maparekin lagunduta, ingurutik jarri diren balizak aurkitu beharko dira eta parte-hartzaileek baliza bakoitzean dauden Geoparkeko altxorrei edo ondareari buruzko galderak erantzun beharko dituzte.

Behin baliza guztiak aurkituta eta galderak erantzunda, esaldi bat osatu beharko dute galdera bakoitzean jasotako hizkiekin. Jarduera euskaraz egingo da, hiru orduko iraupena izango du eta parte-hartzaileen artean Geoparkeaz gozatzeko bisita gidatu bat eta bertako produktuekin egindako GeoGourmet otar bat zozketatuko dira.

Orientazio ibilbidean parte hartzeko aurrez izena eman behar da formulario honetan edo Zumaiako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943 143 396 telefonora deituz (arreta ordutegia: asteartetik larunbatera 10:00-14.00 eta 16.00-18:00).

Jarduera honetan plazak mugatuak izango dira, bakarka zein taldeka eman daiteke izena eta 10 urtetik beherako umeak adin nagusiko norbaitekin etorri beharko dira.

Europako Geopareen Astearen baitan antolatutako ekimena da hau, programa osoa ikusgai hemen

Familientzako orientazio zirkuitua antolatu du Geoparkeak larunbaterako