Europako Geoparkeen Astea 2021

Maiatzaren 25etik ekainaren 6ra

Deba - Mutriku - Zumaia

#EGNWeek21

Europako Geoparkeen Astearen 12. edizioa egingo da Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean. Ekimen hau Europan egun dauden 88 geoparkeetan burutuko da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin. 

Maiatzaren 25ean hasi eta ekainaren 6ra bitartean, denetariko ekitaldiak izango dira Mutrikun, Deban eta Zumaian, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan. 

PROGRAMA ETA IZEN-EMATEAK  


[Maiatzak 25, asteartea] “Todo lo que quisiste saber de los Geoparques” Geoparkeen Foroa Webinarioa  

Europako Geoparkeen Asteari hasiera emateko, maiatzaren 25ean, asteartean, arratsaldeko 18:00etan “Todo lo que quisiste saber de los Geoparques” webinarra antolatu du Estatuko Geoparkeen Foroak. Webinar horretan geoparke bat zer den eta horren kudeaketa nola egiten den azalduko da, besteak beste. Izen-emateak formulario honen bidez egin behar dira: https://labur.eus/foroa

[Maiatzak 27, osteguna] “Geoparkeko paisaia kulturalak ikertzen: giza jardueren aztarnak historian zehar” hitzaldia

Ostegunean, maiatzak 27, Josu Narbarte historialariak eta Eneko Iriarte geologoak garatzen dabiltzan ikerketaren inguruko hitzaldia antolatu dugu. “Geoparkeko paisaia kulturalak ikertzen: giza jardueren aztarnak historian zehar” izenburu duen ikerketa lan horren bitartez, azken mendeetan gure paisaiaren bilakaera kulturala ulertu ahal izango dugu. Itsas ondarea, baserria, basoa, nekazaritza eta beste hainbat erabilerek gaurko paisaian utzi duten arrastoa ulertuko dugu, dokumentu zaharrak eta zundaketa geologikoak aztertuz. 

Geoparkean ikerketa zientifikoa sustatzeko laguntza deialdia zabaldu genuen pasadan urtean eta ikerketa hau izan zen jasotako eskaeren artean aukeratua. Josu Narbarte izango da hizlaria, euskaraz arituko da eta ikerketaren xehetasunak azalduko ditu, besteak beste.

Hitzaldia Zumaiako Udal Liburutegian egingo da eta zuzenean ere emitituko da gure Youtubeko kanaletik. 20 pertsonentzako lekua dago gelan, hortaz, aurrez aurre etorri nahi baduzu eman izena formulario honetan (https://labur.eus/paisaia) edo Zumaiako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943 143 396 telefonora deituz (arreta ordutegia: asteartetik larunbatera 10:00-14.00 eta 16.00-18:00).

[Maiatzak 29, larunbata] Geoparkeko Orientazio Froga familientzat

Maiatzaren 29an, larunbata, Gipuzkoako Orientazio Taldearekin elkarlanean Orientazio Froga antolatu dugu Zumaian. Orientazio zirkuito horrek helburu bikoitza du: orientazio kirola sustatzea eta Geoparkearen natura ondarea ezagutzera ematea.

Goizeko 10etan elkartuko gara Zumaiako Eusebio Gurrutxaga Plazan eta bertan, orientazioari buruzko beharrezko azalpenak emango dira, jolas bat egingo da eta mapa bat banatuko zaio talde bakoitzari. Maparekin lagunduta, ingurutik jarri diren balizak aurkitu beharko dira eta parte-hartzaileek baliza bakoitzean dauden Geoparkeko altxorrei edo ondareari buruzko galderak erantzun beharko dituzte.

Behin baliza guztiak aurkituta eta galderak erantzunda, esaldi bat osatu beharko dute galdera bakoitzean jasotako hizkiekin. Jarduera euskaraz egingo da, hiru orduko iraupena izango du eta parte-hartzaileen artean Geoparkeaz gozatzeko bisita gidatu bat eta bertako produktuekin egindako GeoGourmet otar bat zozketatuko dira.

Orientazio ibilbidean parte hartzeko aurrez izena eman behar da formulario honetan (https://labur.eus/orientaziofroga) edo Zumaiako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943 143 396 telefonora deituz (arreta ordutegia: asteartetik larunbatera 10:00-14.00 eta 16.00-18:00).

Jarduera honetan plazak mugatuak izango dira, bakarka zein taldeka eman daiteke izena eta 10 urtetik beherako umeak adin nagusiko norbaitekin etorri beharko dira.

[Maiatzak 30, igandea] Aixa espeleologia irteera 

EKINTZA HAU BERTAN BEHERA GELDITU DA ETA HAU ORDEZKATZEKO, ERMITTIARA IRTEERA ANTOLATU DA  

Igandean, hilak 30, Aixa kobazulora espeleologia irteera antolatu du Geoparkeak  Felix Ugarte Espeleologia taldearekin batera. Adituen laguntzarekin kobazulo karstiko honek gordetzen dituen pasabide eta ezaugarri bereziak ezagutzeko aukera paregabea izango dute parte-hartzaileek. Geoparkeko barrunbeak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da hau, izan ere, Aixako Koba Izarraitzko Mendigune Karstikoko kobazulorik zabal eta luzeenetakoa da.

Goizeko 10:30ean elkartuko da taldea Itziarko parkingean eta 11etan abiatuko da. Hiru orduko iraupena izango du irteerak, gazteleraz izango da eta kaskoa eta kopetako argia banatuko zaie parte-hartzaileei. Beharrezkoa da oinetako egokiak eta aldatzeko arropa eramatea.

Plaza kopurua mugatua da eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, 696 67 88 12 telefonora deitu beharko da (arreta ordutegia: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 16:00etara eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara).

Oharra: irteera hau mendian ibiltzea ohituta dauden pertsonei dago zuzendua.

[Ekainak 2, asteazkena, eta ekainak 4, ostirala] Ate irekiak Nautilusen

Egitaraua osatzeko, berriki inauguratu den Mutrikuko Nautilus Ikerketa eta Didaktika Gelaren  ate irekien jardunaldiak egingo dira Geoparkeko ondare paleontologikoa herritarrei hurbiltzeko.

Bertan, Jesus Maria Narvaez bildumagileak eta haren emazte eta kolaboratzaile Esperanza Azkarragak, Mutrikuko Flysch Beltzaren labarretatik ateratako 150 ammonite erraldoien bilduma gordetzen da.

Nautilus gelaren sarrera irekia izango da ekainaren 2an, asteazkena, arratsaldez, eta ekainaren 4an, ostirala, goizez. Egoera dela eta, izen-ematea beharrezkoa izango da Mutrikuko Udalaren web orrialdean (www.mutriku.eus) bisitaren ordutegiak eta taldeak antolatzeko.

[Ekainak 5 larunbata] “Goienetxe gaztandegia: karsteko zaporeak” bisita gidatua

Ekainaren 5ean, larunbata, goizeko 11etan, Geoparkeak Karsteko Zaporeak doako bisita gidatua antolatu du 12 lagunentzat. Txangoan Goienetxe euskal baserri tipikoa bisitatu eta artalde bat ikusiko dugu. Gainera, gaztagintza ezagutu eta gazta dastatzeko aukera egongo da, betiere, indarrean dauden segurtasun neurri guztiak errespetatuz.

Olatz auzoko San Isidro elizan hasiko da bisita eta euskaraz izango da. Erreserbak webgunean egin behar dira eta geoparkeaste deskontu kodea ipini behar da erreserba dohain eskuratzeko.

[Ekainak 6, igandea] Arbilera oinezko irteera

Geoparkearen asteari amaiera emateko, ekainaren 6ean, igandea, Arbilera oinezko irteera antolatu du Geoparkeak. Asier Hilario, Geoparkeko Zuzendari Zientifikoa, izango da mendi ibilaldiaren gidaria. 

Goizeko 9:00etan elkartuko gara Itziarko probalekuan eta Lasturrera 13:00etan iristea aurreikusten da. Bertan, mokadutxoa egiteko denbora egongo da (autobusak 14etan egingo du buelta). Lasturko tabernan zerbait jan nahi duenari erreserbatzea gomendatzen diogu 943 19 90 33 telefonoan.

20 lagunentzako tokia dago irteera honetan eta aurrez izena ematea beharrezkoa da formulario honetan: https://labur.eus/arbil edo 696 67 88 12 telefonoan (arreta ordutegia: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 16:00etara eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara). 

Geoparkeak etengabeko jarraipena egingo du sare sozialetan; Twitterren, Facebooken eta Instagramen egitasmo honi buruzkoak #EGNWeek21 traolarekin ikus daitezke.

Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekimen hauen guztien berri izango duzu une oro FacebookenTwitterren eta InstagramenEz galdu aukera eta parte hartu!