2014-06-30
Geoparkeen Europako eta Munduko Sarean sartu eta lau urte beranduago, uztailaren 2an eta 3an Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi ebaluatzaileren bisita jasoko du, Geoparke izendapenari eusten dion erabakitzeko.
Euskal Kostadeko Geoparkeak aste honetan, zehazki, uztailaren 2an eta 3an, Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzaileren bisita jasoko du. Japoniarra da bata eta bestea Ipar Irlandakoa. Bi egunez Geoparkeak azterketa zorrotza igaroko du, Geoparke izendapenari beste lau urtez eusten dion erabakitzeko.
Gogoratu, Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da Geoparkeen Europako eta Munduko Sareko kidea. Ondare geologiko eta kultural azpimarragarria duten lurraldeek osatzen dute sarea, eta UNESCOren babesa dauka. Sarean dauden geoparke guztiek, lau urtetik behin, errebalida prozesu zorrotza igaro behar dute irizpide eta parametro egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko, besteak beste, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen promozio eta kontserbazioari dagokionean.
Errebalida prozesu honen baitan, hainbat gai aztertuko dira, hala nola, Plan Estrategikoan zehaztutako helburuen betetze maila edota 2010ean egin zen lehendabiziko azterketan identifikatu zituzten hobetu beharreko puntuen egungo egoera. Halaber, kontuan hartzen da, geoparkeek Sarean duten jarrera aktiboa: bileretan parte hartzea, komunak diren proiektuetan parte hartzea, Geoparkeen Astea kasu, etabar.
Bi egun hauetarako hainbat bisita eta bilera programatu dira, Geoparkeak azken 4 urteetan egindako jarduera eta ekintza guztien berri emateko. Bisita lan-bilera batekin hasiko da, Leire Barriuso Geoparkeko gerentearekin eta Asier Hilario Zuzendari Zientifikoarekin. Bileran egongo da baita ere, Debegesa Garapen Agentziako Turismo arduraduna, Cristina Iturriagagoitia. Izan ere, Debegesa izan zen Geoparkearen hautagaitza sustatu zuen erakundea eta proiektuaren hastapenean arduradun izan zena, egungo lantaldeak bere esku hartu zuen arte.
Halaber, hainbat bilera egingo dira Geoparkeko 3 alkateekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritza eta Basquetourrekin, baita beste hainbat erakunde kolaboratzailerekin ere (Unesco Etxea, EHU, Aranzadi Zientzia Elkartea, Debemen, Urkome eta Urola Kostako Mankomunitatea) eta lurraldeko sektore turistikoko agente ezberdinekin.
Gainera, ebaluatzaileek bertatik bertara ezagutuko dituzte interesgune adierazgarrienak, azalpen geologiko eta itsas ibilaldia barne, hala nola, Mendatagaña-Sakoneta ingurunea, Algorri eta Itzurungo hondartza, Elorriagako aisialdirako gunea, Saturrarango hondartza eta Olatzko bailara karstikoa. Era berean, bisitatuko dituzte Geoparkearen Gune berria, Algorri eta Nautilus Interpretazio Guneak, Mutrikuko hirigune historikoa eta Ekainberri, Ekain kobazuloaren erreplika.
Geoparkeko lantaldeak gogor egin du lan azken hilabeteetan bisita ondo prestatzeko eta ebaluazioa behar bezala gainditzeko.
Euskal Kostaldeko Geoparkea
Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Gipuzkoako lurraldean daukagun proposamen berezi eta erakargarrienetako bat dugu geoturismo edo natura turismoaren baitan. Geoparkeak ondare natural, geologiko eta kultural garrantzitsua du oso.
Geoparkeko kostaldean, zalantzarik gabe, flyscha da ezaugarri nagusiena. Liburu baten orrialdeen itxura duen formazio harritsua da eta Lurraren historiaren 60 milioi urte baino gehiago irakur daitezke bertan. Barnealdeko ingurune karstikoan Gipuzkoako kobazulo kopuru gehien biltzen dira, horien artean, Ekaingo koba da nagusi, Gizateriaren Ondare izendatua.
Lurralde txikia izanagatik, inguruak aberastasun geologiko, paisajistiko eta kultural handia du, kalitatezko azpiegitura turistikoekin, bertaraino iristeko erraztasunekin, interpretazio zentroekin, bisita gidatuak egiteko eskaintza zabalarekin… eta horrek aukera ugari zabaltzen dizkio lurraldeari bere garapen iraunkorrerako.
Argazkia: Gorka Zabaleta