2014-03-13
Euskal Kostaldeko Geoparkeak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Zumaia-Deba Biotopoaren kudeatzaile izanik, sentsibilizazio kanpaina jarri dute abian bisitarien artean landa gunearekiko errespetuzko jarrera sustatu eta erabilera publikoa eta baserritarren jardueraren arteko bateragarritasuna errazteko.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, abiatu duen sentsibilizazio kanpainaren helburu nagusia da landa eremuan baserritarrek burutzen duten jarduerak biotopoko paisaiaren kontserbazioan duen garrantziaz kontzientzia hartzea da.
Honela, ekimen honen baitan, 6 informazio-gune prestatu dira jende gehien dabilen ibilbideetan barrena. Puntu edo gune hauetako bakoitza erraz identifikatu ahal izango dute bisitariek, landa-paisaiarekin bat datozen elementu tipikoak erabili direlako horretarako, eta horietako bakoitzean mezu ulerterraz bat ageri da ingurumenarekiko eta baserritarren jarduerarekiko errespetua sustatuz. Honela, belar bolak, txakur-txabola, esne marmitak, traktore baten gurpila, etabr, aurkituko ditu bisitariak bidean eta gogoraraziko dio zein garrantzitsua den baserri-jarduera paisaiaren kontserbaziorako.
Hain justu, inguruko baserritarrek modu aktiboan parte hartu dute kanpaina honen prestaketan, euren kezkak azalduz eta puntu bakoitzean mezu egokiak igorriz. Geoparkeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, egitasmo honen bitartez, erabilera publikoa, tradizioa eta baserri-jarduera bateragarri egin nahi dituzte, eta Geoparkeko Flyscha ezagutu asmoz seinaleztatutako ibilbideak erabiltzen dituzten bisitariei erantzuna ematea.
Aurkezpena gaur, osteguna, egin da eta bertan parte hartu dute, baserritarrekin batera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerente Leire Barriusok eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuburu Iñigo Mendiola.