"Denboraren bidea", dibulgazio-gune berria Zumaian

2018-12-17

San Telmo eta Algorri arteko bidean egokitzapen lanak egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ibilbidea osatuz "Denboraren bidea” izeneko dibulgazio-gune berria prestatu du.

Denbora geologikoaren handitasuna pausoz pauso deskubritzeko gune berria dugu Euskal Kostaldeko Geoparkean, Zumaian, hain zuzen ere. Helburua da paisaiaren atzean dagoen historia eta balioak ezagutaraztea eta babestea.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, joan den abenduaren 13an Zumaiara egindako bisitan inauguratu zuen gune berria. Harekin batera izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurumena eta Lurralde Oreka diputatua, Ainhoa Aizpuru, eta Zumaiako alkate eta Geoparkeko presidente Oier Korta. 

Geoparkeko flyscha geologian nazioarteko erreferente nagusienetakoa da eta urteetan mundu guztiko ikertzaileak etorri izan dira bertako labarrak aztertzera. 2009an Zumaia eta Deba arteko kostaldea Babestutako Biotopo izendatu zen eta 2015an Euskal Kostaldeko Geoparkeak UNESCOren izendapena jaso zuenetik milaka dira bertaratzen diren bisitariak. "Urtean 100.000 pertsona baino gehiagok bisitatzen dute Algorriko punta eta joan-etorri hori inguruan higadura eta kalte nabarmenak sortzen ari zen. Gainera, ibilbidea arriskutsu bilakatzen hasita zegoen", jakinarazi zuen diputatu nagusiak.

Arazo horri irteera egoki bat eman nahian, eta bisitarien segurtasuna bermatze aldera, Gipuzkoako Foru Aldundiak egokitzapen-lanak egin ditu.

Ibilbide bakar bat aukeratu eta hori atondu eta txukundu da, gainontzeko bide-zidorrak bisitarientzako itxiz. Horretarako, egurra eta soka erabili dira behar izan den lekuetan ahalik eta inpaktu bisual txikiena izateko. Bidean ubideak ireki dira eta harria bota da zorua gogortu eta lokatza ekiditeko. Gainera, bertako landaredia errekuperatzeko landaketak egin dira eta horretarako 1.000tik gora landare erabili dira, urteetan Aldundiko negutegietan zaindu eta prestatu direnak.

Algorriko puntan egurrezko behatoki berri bat jarri da flyscharen balio nagusiak adierazteko, horien artean, mundu mailan ezaguna den dinosauroen desagertzea adierazten duen geruza beltza (K/T muga). Amaitzeko, Algorritik Zumaiara bueltako bidean "Denboraren bidea" diseinatu da, azken 66 milioi urteetan izan diren gertaera geologiko nagusiak distantzian proportzionalki adieraziz.

"Denboraren bidea", dibulgazio-gune berria Zumaian