Debako pasabidea zabalik, Talaia ibilbidea etenik gabe eta segurtasunez egiteko aukera ahalbidetuz

2014-11-21

Oinezkoentzako pasabide berria eraiki da Deba eta Itziar artean N-634 errepidearen gainean. Pasabide hau irekita, GR-121 Talaia Ibilbideak zeukan azken puntu beltza konponduta geratu da.

Duela 8 urte hasi zen Foru Aldundia Gipuzkoako ibilbide sarea berrantolatzen, helburu bikoitz batekin: batetik, lurraldea oinezkoentzat bideen bitartez saretzea eta, bestetik, Gipuzkoako babestutako guneak (parke naturalak, biotopoak...) elkarren artean lotzea. Ibilbide horietako bat Gipuzkoako GR-121 da, lurraldeari itzulia egiten diona. Bide honen baitan, Talaia ibilbidea da ezagunena, Gipuzkoako itsasbazterretik doana, Hondarribian hasi eta Mutrikuko Saturraran hondartzaraino: 77 km eta 3.500 m positibo.

Azken puntu beltza Deba eta Itziar arteko N634 errepideko 42. kilometroan zegoen, Zumaia-Deba etapari dagokiona. Gaur inauguratu den pasabide berri honi esker, oinezkoak seguruago ibiliko dira eta Debako herriguneraino iristea errazagoa izango da. Hilero, gutxi gorabehera, 3.000 lagunek egiten dute ibilbide hau.

Pasabidea egiteko bertako pinu tratatua erabili da eta lanek 165.509,61 euroko kostua izan dute. 

Inaugurazioan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Diputatua, Jon Peli Uriguen, Mendi eta Ingurune Naturaletako Zuzendaria, Roke Akizu, Debako alkatea, Maider Zubikarai, eta Geoparkeko arduraduna, Leire Barriuso. 

Debako pasabidea zabalik, Talaia ibilbidea etenik gabe eta segurtasunez egiteko aukera ahalbidetuz