Debabarrena eta Urola Kostako sukaldarien arteko ekimen gastronomikoa

2013-06-05

GUSTUM proiektuaren baitan Debemen eta Urkome landa garapenerako elkarteek antolatuta, ekimena Debabarrena eta Urola Kosta eskualdeetako sukaldariei zuzenduta dago eta geure jatetxeetako sukaldeetan tokiko produktuen erabilera bultzatzea du helburu nagusi.

Nekazaritzako elikagaiak balioan jartzea eta gure jatetxeetan tokiko produktuen erabilera bultzatzeko helburuarekin, Debabarrena eta Urola Kosta eskualdeetako sukaldarien arteko topaketa gastronomikoa egingo da datorren astelehenean, ekainak 10, Debako Ozio Bide elkarte gastronomikoan. 17:00etan dute hitzordua.

“Gure kultura, ondarea eta paisaia platerean" izenburupean, Debemen eta Urkome landa garapenerako elkarteek antolatu dute ekimena, GUSTUM proiektuaren baitan. Egistamoaren laguntzaile dira, halaber, Euskal Kostaldeko Geoparkea, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentzia eta Urola Kostako Mankomunitatea.

Ekimena bi eskualde hauetako jatetxeetako sukaldariei dago zuzenduta. Bertan zonaldeko hiru sukaldari ezagunek plater ezberdin bana prestatuko dute tokian tokiko produktuetan oinarrituz. Su artean ibiliko diren sukaldariak eta prestatuko dituzten platerak dira:

  • Xabier Osa.- URGAIN jatetxea, Deba - Ilar krema eta tipulatxoak plantxan (produkzio ekologikoa)
  • Asier Alcelay.- KETARRI jatetxea, Getaria - Berdel-entsalada.
  • Julen Beaskoa.- KANALA jatetxea, Itziar-Deba - Sukalkia, Euskal Labeleko haragiarekin eta barazkiekin.

Bi eskualdeetan ekoiztutako Getariako txakolinarekin lagunduko dituzte platerak.

Bertaratzen direnek 3 sukaldarien lana gertutik jarraitu ahal izango dute eta euren azalpenak entzun ahal izango dituzte. Gainera, plater hauen elaboraziorako erabilitako lehengaien ekoizleak ere bertan izango dira, produktu bakoitzaren ezaugarrien berri emateko.

Su artean ibili ostean, platerak dastatzeko aukera izango dute partaideek, ezagutzak eta esperientziak elkartrukatzen dituzten bitartean. Alberto Gorritiberea kazetariak gidatuko du berriketaldia. Zalantza gabe, batzuen eta besteen arteko harremanak sortzeko eta lurraldearekin lotutako nekazaritzako produktuak promozionatzeko ere balioko du ekimenak.

Dagoeneko gonbidapenak bidali zaizkie Debabarrena eta Urola Kostako jatetxeetako sukaldariei. Parte hartzeko interesa dutenek aurrez eman behar dute izena, plazak mugatuak baitira (50 plaza). Izena emateko: Debako Turismo Bulegora deituz (943 19 24 52) edo turismo@deba.net helbidera idatziz.

 

GUSTUM proiektuaren barruan kokatzen da egitasmoa

Egitasmo hau GUSTUM proiektuaren barruan kokatzen da. Gustum lurralde arteko egitasmo bat da eta Euskadi, Lleida eta Balearretako 10 tokiko ekintza taldek sustatzen dute. Landa garapena bultzatzea du helburu nagusi, tokian tokiko nekazaritzako kalitatezko elikagaiak sustatuz, sukaldaritza, turismoa eta merkataritzarekin sinergiak bilatuz.

Euskadiren kasuan, Mendinet elkartea da proiektu honetako kide. Mendinet elkartearen barruan daude, besteak beste, Debemen eta Urkome, Debabarrena eta Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak.

None
Debabarrena eta Urola Kostako sukaldarien arteko ekimen gastronomikoa