Debabarrena eta Urola Kostako sukaldari eta ekoizleen arteko topaketa bertako produktua sustatzeko

2013-06-11

Bertako nekazal produktuak balioan ipini eta gure jatetxeetan tokiko produktuen erabilera bultzatzeko helburuarekin, Debabarrena eta Urola Kostako 40 bat sukaldari eta ekoizle elkartu ziren atzo Debako Ozio-Bide elkartean. Debemen eta Urkome landa garapenerako elkarteek antolatutako ekimena izan zen, Euskal Kostaldeko Geoparkea, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentzia eta Urola Kostako Mankomunitatearen laguntzarekin.

“Gure kultura, ondarea eta paisaia platerean" izenburupean, ekimena GUSTUM programaren barruan kokatzen da. “Gustum” lurralde arteko egitasmo bat da eta landa garapena bultzatzea du helburu nagusi, tokian tokiko nekazaritzako kalitatezko elikagaiak sustatuz, sukaldaritza, turismoa eta merkataritzarekin sinergiak bilatuz.

Atzoko topaketan, Asier Alcelay (KETARRI jatetxea, Getaria) Xabier Osa (URGAIN jatetxea, Deba) eta Julen Beaskoa  (KANALA jatetxea, Itziar-Deba) sukaldariek plater bana prestatu zuten tokian tokiko produktuak erabiliz. Gainera, plater hauen elaboraziorako erabilitako lehengaien ekoizleak ere bertan izan ziren.

Asier Alcelay izan zen lehena. “AROA sentsazio bouqueta MAISOR Kantauriko berdelarekin” izeneko platera prestatu zuen. Horretarako, lagun izan zituen Getariako Aroa baserriko Jaime Burgaña eta Itsas Mendi Gutiziak eta Maisor arrain-kontserba enpresako kide Michael Bazaes.

Berdel entsalada dastatu ostean, Xabier Osaren txanda iritsi zen. Honek “KORTABERRI baserriko ilar krema eta tipulatxoak plantxan” izeneko platera prestatu zuen. Kortaberri baserriko Lourdes Arrona ere bertan egon zen.

Azkenik, Julen Beaskoak “Sukalkia AITTOLA ZAHAR baserriko Euskal Labeleko haragia eta barazkiekin”  platera egin zuen. Partaideen artean eserita egon zen, halaber, Xanti Oñederra Aittola Zahar baserrikoa.

Bertara hurbildu ziren ekoizle eta inguruko sukaldari guztiek platerak dastatzeko aukera izan zuten, Sagarmiña baserriko Getariako Txakolinarekin eta Eibarko Sosola baserriko ogiarekin lagunduta.

Alberto Gorritiberea kazetariak gidatu zuen ekitaldia, sukaldariei eta ekoizleei elkarrizketak eginez. Antolatzaile zein sukaldariek bertako produktuen aldeko aldarrikapena egin zuten, baserritarren lana goraipatuz, eta bertaratutakoei kalitatezko produktu hauek kontsumitzeko gonbidapena luzatu zieten.

Zalantza gabe, batzuen eta besteen arteko harremanak sortzeko eta lurraldearekin lotutako nekazaritzako produktuak promozionatzeko balio izan zuen ekimenak.

Ikusi argazki-galeria.

Ekoizleen gaineko informazio gehiago:

www.baserrikoa.com

www.urolakostaonline.com

None
Debabarrena eta Urola Kostako sukaldari eta ekoizleen arteko topaketa bertako produktua sustatzeko