Baionako Etxepare Lizeoko eta Zornotzako Lauaxeta Ikastolako ikasleen arteko elkartrukea Geoparkean

2017-03-14

'Flysch & Go' egitasmoaren baitan, eta Geologiak elkarturik, Baionako Etxepare Lizeoko eta Zornotzako Lauaxeta Ikastolako 56 ikasle izan dira gaur Geoparkean.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta IEZI Euskal Itsasbazterra elkarteak sustatuta, gaur goizean Baionako Etxepare Lizeoko eta Zornotzako Lauaxeta Ikastolako ikasleak Geoparkean ibili dira, flyscha ezagutzen, ‘Flysch & Go’ egitasmoaren baitan. Gazteen artean geologiaren dibulgazioa sustatzeaz gainera, euskal kostalde osoko geologia mapa sortzea da proiektuaren helburua.

Bi ikastexeen arteko elkartrukea atzo hasi zen, Hendaian. Gaurkoan, Zumaiara etorri dira eta Geoparkeko flyscha ezagutzeko aukera izan dute. Algorri Interpretazio zentroan egin dute lehendabizi hitzordua, eta ondoren, labarretara gerturatu dira, flyscha bertatik bertara ikusteko. Guztira, 56 ikasle izan dira, Batxilergoko lehenengo mailakoak, eta eurekin 6 hezitzaile izan dira, horien artean, Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa.

Topaketa hau burutzeko, aurrez zenbait jarduera egin dira. Batetik, gidariek formakuntza-saioak jaso dituzte, bai Hendaian eta bai Geoparkean, eta, bestetik, irtenaldian erabiltzeko materiala sortu da: gidarientzat fitxak eta ikasleentzat liburuxkak.

'Flysch & Go' deritzon proiektuak ikasturte amaierara arte iraungo du, eta aurreikusita dauden beste ekintzen artean daude euskal kostalde osoko mapa geologikoa osatzea, interesgune geologikoak aipatuz, eta publiko orokorrarentzat irteera geologikoak antolatzea, bai Geoparkean eta bai Hendaian.

Akitania-Euskadi euroeskualdearen baitan sortutako ekimena da.

 

Baionako Etxepare Lizeoko eta Zornotzako Lauaxeta Ikastolako ikasleen arteko elkartrukea Geoparkean