2012-07-05
Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuen eskaintza nabarmen handituko da uztaila eta abuztuan. Honela, asteburuetan ez ezik, astean zehar ere hamaika proposamen aurkituko
ditu bisitariak lurraldea ezagutu eta bertako ondare natural eta geologiko baliotsuaz gozatzeko.
Uda sasoian bete-betean sartuta, Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen eskaintza nabarmen handitu du uztaila eta abuzturako. Asteburuetan ez ezik, astean zehar ere askotariko jarduerak antolatu dira, ia-ia egunero, publiko zabalari zuzenduta.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuak 3 taldetan banatuta daude: Flyscharen Ibilbidea kostaldean, Karstaren Ibilbidea barnealdean eta Kultura eta Esperientziak izeneko eskaintza lurralde osoan. Talde hauetako bakoitzak proposamen ezberdin ugari biltzen du.
Berrikuntzen artean, nabarmentzeko moduko proposamenak dira Karsta ezagutzeko zaldi-ibilaldiak Mutrikun edota, bisitari ausartagoentzat, lurrazpiko galeria sekretuak deskubritzeko espeleologia irteera gidatuak Debako Aixa koban. Proposamen kulturalen artean, Zumaia eta Itsasoa uztartzen dituen bisita ere estreinatu da aurtengoan, bertako produktuekin mokadu goxoa egiteko aukera barne hartzen duen bisita, hain zuzen ere.
Aipatzekoak dira, halaber, Geoparkeak etxeko txikienei zuzenduta antolatzen dituen irteerak. Familia osoari zuzendutako bisita hauen artean, “Flyscha haurrentzat” izenekoa eta “Artzain Txikiak” esperientzia arrakastatsua dira aipagarrienak.
Gainera, Euskal Kostaldeko Geoparkeak burutzen dituen hainbat proposamen Euskadiko Top Esperientzia izendatu ditu Basquetourrek, Turismoaren Euskal Agentziak, hala nola, “Flyscharen Ibilbidea”, "Artzain Txikiak" eta "Flyscha
haurrentzat".
Bisitariak jarduera hauen guztien gaineko informazioa www.geoparkea.com web gunean du eskura eta erreserbak egiteko aukera ere badu bertan. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan egin daitezke.