Arantzako artadian zuhaitzak landatzeko deia egin dute datorren iganderako

2023-03-23

Bertako basoa hedatu eta naturaren zaintza bultzatzea dira ekimenaren helburuak

Udaberriaren etorrerarekin batera zuhaitz landaketa antolatu ohi dute Itziarren (Deba), Itziarko Auzo Udalak eta Lizarbe Guraso Elkarteak antolatuta, Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Iaz bezala, aurten ere Arantzamendiko eremua (Itsaspe auzoan) jarri dute hitzordua datorren martxoaren 26an, igandean. Errotaberriko aparkalekuan elkartuko dira parte-hartzaileak, 9:00etan, eta ordu erdiko ibilalditxoa egingo dute lursailera iristeko.

Hasteko, iaz bertan egindako landaketei jarraipena egingo diete eta sortutako hutsuneak landare berriekin beteko dituzte. Horrez gain, iazko landaketa eremuaren ondoan dagoen lursailean beste 100 zuhaitz landatzeko asmoa dute, baso eremua zabaltzeko helburuarekin. Bertako artadien presentzia nabarmena duten lursail hauek itsasertzeko Biotopo Babestuaren eremuan daude, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoak dira. Honako espezieak landatuko dituzte igandeko topaketan: artea (Quercus ilex), gurbitza (Arbutus unedo), erramua (Laurus nobilis), elorri beltza (Prunus spinosa), urkia (Betula sp.), hurritza (Corylus avellana), haritza (Quercus robur), ametza (Quercus Pyrenaica).

Edonork parte har dezake landaketan eta nork bere lanabesak (aitzurra edo antzekoak) eramatea eskatzen da, nahiz eta bertan tresna batzuk egongo diren. Bestalde, arropa eta oinetako egokiak jantzita etortzea aholkatzen da. Lanak 12:30ak arte luzatuko dira gutxi giorabehera; ondoren, parte hartu dutenei mokadutxoa eskainiko zaie.

Askotarikoak dira ekimen honen helburuak: batetik, urtetik urtera bertako landaredun baso autoktonoa pixkanaka sendotu eta hedatu nahi da, orain arte larre izandako zatietan landaketak eginez. Bestetik, malda handia duen lurzorua trinkotzeko funtzioa areagotzea lortu nahi da, ekosistema babesteko kalitate handiko eta denboran iraunkorrak diren landare-estalkiak sortuz. Era berean, klima aldaketaren egoera larriari aurre egiteko funtsezkoak diren zuhaitz landaketen garrantzia eta onura baliatu nahi dira. Azkenik, parte hartzearen bidez jendartea kontzientziatu nahi da naturarekiko harremana eta heziketa bultzatuz, bereziki umeei, gazteei eta gurasoei dei eginez.

Arantzako artadian zuhaitzak landatzeko deia egin dute datorren iganderako