Amaitu da UNESCOko ebaluatzaileek Geoparkera egin duten hiru eguneko bisita

2018-07-13

Unescoko bi ebaluatzailek Geoparkearen kudeaketa eta azken urteotako aurrerapausoak aztertu dituzte, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena beste lau urtez berresteko helburuarekin.

  • Ikusi argazki galeria: https://flic.kr/s/aHsmiY7Xxw 

UNESCOren Munduko Geoparkeen Sareko bi ebaluatzailek hiru egunez bisitatu dute Euskal Kostaldeko Geoparkea (Deba, Mutriku eta Zumaia). Irlandako Copper Coast Geoparkeko zuzendaria, Mike Sweeney, eta Japoniako Unzen Volcano Geoparkeko zuzendariordea, Marekazu Ohno, izan dira Geoparkearen kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzeko ardura izan duten bi ebaluatzaileak. Bi adituek txostena egingo dute, ondoren UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion erabakitzeko.

Hilaren 10etik 12ra, ebaluatzaileek agenda bete-betea izan dute; Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu dituzte eta hiru udaletako eta instituzio ezberdinetako ordezkariekin elkartu dira, baita bestelako eragile eta Geoparkeko entitate kolaboratzaileekin ere. 

Unescoko adituen bisita asteartean abiatu zen, Deban. Une oro Geoparkeko arduradunek lagunduta egon dira, Leire Barriuso, Geoparkeko gerentea, eta Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa. Lehendabiziko egunean, bisitatu zituzten, besteak beste, Debako turismo bulegoa eta bertan kokatzen den “Geopark Corner” izeneko txokoa, Lasturko bailara eta Karstari buruzko interpretazio gunea, eta Itziarko Itxaspe kanpina. Arratsaldean kostaldeko Talaia ibilbidearen zati bat oinez egiteko aukera izan zuten, Sakoneta eta Mendatagaina artekoa, marearteko zabalgunea eta Debako flyscha ikusi eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari baten eskutik, Biotopoaren kudeaketa ezagutzeko. Egunari amaiera Elorriagako Txindurri Iturri sagardotegian eman zioten.

Bigarren egunean, asteazkenean, Mutrikun izan ziren. Nautilus Ikasgune Geologikoa eta jendaurrean zabaldu berri den Arrietakua jauregia bisitatu zituzten. Gainera, Nautilusen, Mikel Lopez-Horgue EHUko ikerlariak “Ammonoids of the Basque Coast Geopark: Science, heritage and management” ikerketaren berri eman zien eta, geroago, Atxukalen, EVEko teknikari baten eskutik Mutrikuko Olatu plantari buruzko azalpenak jaso zituzten.

Arratsaldean, Olatzeko bailaran izan ziren. Olatzeko ibilbide geologikoaren zati bat oinez egin zuten eta Ziñoa baserria eta Goienetxe gaztandegia bisitatu zituten. Bukatzeko, afari instituzionala egin zuten Mutrikuko Arkugain elkarte gastronomikoan. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria, Aitor Zulueta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Maite Cruzado, udaletako ordezkariak eta bi eskualdeetako entitate ezberdinetako ordezkariak. Felix Manso sukaldariak prestatu zuen menua Yurrita Gastronomikako produktuak erabiliz. 

Atzoko eguna, osteguna, izan zen ebaluazio misio honetako azkena. Unescoko ordezkaritzak Algorri Interpretazio Zentroan hasi zuen bisita, ingurumen heziketa arloan egiten diren jarduera ezberdinak ezagutzeko. Ondoren, Itzurungo hondartzara abiatu ziren eta “Golden spikes” edo urrezko iltzeen ondoan argazkiak atera zituzten bi adituek. Jarraian, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Oier Korta Zumaiako alkatearekin batera, San Telmo ermitatik Algorriko Puntarainoko ibilbidean Aldundiak egin dituen egokitzapen lanak ikusi zituzten. 

Arratsaldean Zumaiako Institutura hurbildu ziren ebaluatzaileak. Han, bertako ikasle eta irakasleek eta Beduola elkarteko kideek elkarlanean berreskuratu duten txanela ikusteko eta proiektu osoa ezagutzeko aukera izan zuten.

 

"Sentsazio onak"

Unescoko ebaluatzaileen bisitak sentsazio onak utzi ditu Euskal Kostaldeko Geoparkean. Leire Barriuso Geoparkeko gerentearen hitzetan, "ebaluatzaileek positiboki baloratu dute gogo handiz burutzen ari garen lana bertako ondare geologikoa balioesteko, eta nola uztartzen den geologia geure kulturarekin, historiarekin… Bertako instituzio ezberdinen eta eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlan estua azpimarratu dute". 

Azterketaren emaitza 2019ko martxoan emango dute ezagutzera.

Honi loturik, datorren astean, Leire Barriuso, Geoparkeko gerentea, eta Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa, ebaluatzaile gisa abiatuko dira beste bi Geoparke aztertzera; Leire Barriuso Txinako Lushan Geoparkera eta, aldiz, Asier Hilario Alemaniako Ries Geoparkera.

Amaitu da UNESCOko ebaluatzaileek Geoparkera egin duten hiru eguneko bisita