Amaitu da Ermitia kobazuloko kanpaina arkeologiko oparoa

2023-08-10

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, Ermitia kobazuloa ikertzen aritu da aditu talde bat, hirugarren urtez. Gipuzkoako aztarnategi paleolitiko garrantzitsuenetako bat da Debakoa. Bertan bizi izan ziren gure arbasoak luzaroan, hasi Erdi Paleolitikoan eta erromatarren garaira arte, denbora-erregistro horren guztiaren aztarnek erakusten duten gisan.

Amaitu berri den kanpaina arkeologiko honetan garbiketa lanetan aritu behar izan du lantaldeak, ingurua txukunduz eta materiala ordenatuz; izan ere, espoliazio handia jasan duen kobazuloa da Ermitia. Bi kata berri ere egin dituzte, eta Kristo aurreko 15.000-20.000 urte bitartean eman zen Madeleine aldiko (Mendebaldeko Europako Goi Paleolito amaierako kultura arkeologikoa) aztarnak aurkitu dituzte bertan.

Azkoitiko Munibe arkeologia taldeko Juan Mari Arruabarrenak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver arkeologoak, eta UPV/EHUko Jose Antonio Mujika arkeologoak egin dute indusketa, besteak beste. Jose Migel Barandiaranek joan den mendeko 20eko hamarkadan abiatutako ikerketari jarraipena eman dio lantaldeak, honenbestez.


Historiaurreko bailaran

Geoparkearen lurraldean aztarna arkeologikoak dituzten 20 haitzuloetako bat da Ermitia; Praileaitz, Langatxo eta Iruroin bezalaxe, Historiaurreko Bailaran kokatzen dena. Kantauriar arkuko Paleolito garaiko aztarnategien kontzentrazio eta dentsitate handiena du Deba bailarak.

Gizakiak luzaroan bizi izan diren kobazulo handia dugu Ermitia, Praileaitz, Langatxo eta Iruroin haitzuloak Historiaurreko Bailararen bihotzean dagoen leizea. Hori dela eta, lurraldeko haitzulorik emankorrenetakoa da, material asko pilatu baita urteen poderioz. Kokaleku honetako bizilagunek ahuntz-ehizan espezializatuta zeuden, nahiz eta oreinak eta sarrioak ere ehizatu. Bertan aurkitutako hortz, haga eta hezurrezko industria-aztarnak askotarikoak eta ugariak dira: ehizarako armak, puntzoiak, espatulak, orratzak… Hartzen arrastoak ere identifikatu dituzte Ermitian.

Kanpaina arkeologiko eta ikerketa hauei esker, Geoparkearen inguruko jakinduria handituz doa, eta, gure paisaiaren edertasunaz haratago, ikusten dugunaren atzean dauden istorio zirraragarriak ezagutzen eta ezagutzera ematen goaz etengabe. Hori dela eta, Geoparkea geoturismoaz gozatzeko leku aparta dela esan dezakegu. Zientzia, turismoa eta kultur transmisioa bat egiten dute jakin-mina duen bisitari ororen mesederako.

Bisita ezazu HAB, Debako historiaurreko gure bailara. Harrituko zaitu!

 

Amaitu da Ermitia kobazuloko kanpaina arkeologiko oparoa