Algorriren babesa sustatzeko hezitzaileak ariko dira lanean, abuztuaren 20ra arte

2023-07-14

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Zumaiako Udalak elkarlanean abiatu dute ekimena, Aste Santuan egindako probari segida emanez

Deba-Zumaia itsasertzeko Paisaia Natural Babestuaren parte den Algorriko ibilbidean (Zumaia) jende andana pilatzen da, batez ere uda sasoi honetan. Leku oso sentibera izanik, beharrezkoa da babestea eta, helburu horrekin, hezitzaileak jarriko dira uztailean eta abuztuan. Hezitzaileen lana segurtasun eta kontserbazio arauak betearazteko informazioa ematea da. Bisitariek errespetuz dabiltzala bermatu nahi da, azken finean.

Uztaileko asteburu eta jaiegunetan, eta, abuztuan zehar, hilaren 1etik 20ra bitartean egunero egongo da hezitzaile bat ibilbidean. Aipatu egunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egingo dituzte txandak. Honenbestez, eremu horretan bisitari gehien dauden momentuetan, ibilbidea errespetatzeko eta pertsonen segurtasuna bermatzeko arretaz aritu daitezen sustatuko dute begiraleek.

Aurreko Aste Santuetako oporretan egin zen lehenengo proba, eta, balorazioa positiboa izanik, udan ere neurria errepikatzea adostu dute erakundeek. Jakina denez, Algorriko eremua Deba-Zumaia itsasertzeko Paisaia Natural Babestuaren parte da, eta, hori dela eta, eremu horrekiko ardura duten hiru instituzioek babesa bermatzeko neurri bateratu hau martxan jartzea erabaki dute.

Munduko santutegi geologiko handietako bat da Zumaiako flyscha. 60 milioi urte atzera egin eta Pirinioak nola sortu ziren ikus daiteke bertan, baita dinosauroak nola desagertu ziren edota nolakoa izan zen Lurraren historian gertatutako klima-beroketa handienetako bat. Altxor geologiko hau ezagutzeko aukera paregabea ematen du Algorriko Geoibilbideak. Plaken bidez seinaleztatuta dauden 14 interesgune ditu ibilbideak.

Algorriren babesa sustatzeko hezitzaileak ariko dira lanean, abuztuaren 20ra arte