Lurraren zientziek XXI. mendeko ingurumen erronkei aurre egiteko duten garrantzia nabarmendu dute Zumaiako adierazpenean

2022-10-28

Zumaiako Adierazpenaren irakurketarekin amaitu da IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuak (The First 100 IUGS Geological Heritage Sites) aurkezteko Euskal Kostaldeko Geoparkean egin den nazioarteko ekitaldia.

Zumaiako Itzurun hondartzan egin da gaur Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartearen (IUGS) 60.urteurrenaren ospakizun nagusia, eta ekitaldi horretan ezagutzera eman dira IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuak, Zumaiako Flysch-a barne. Halaber, IUGS Zumaiako Adierazpena irakurri dute. Adierazpen horretan Lurraren Zientziek XXI. mendeko ingurumen erronkei aurre egiteko duten garrantzia nabarmendu dute. Irakurri adierazpen osoa hemen. 

100 leku horiek balio zientifiko handieneko leku gisa identifikatzen ditu Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak. Geologiaren zientzia garatzeko balio izan duten lekuak dira; ezaugarri eta prozesu geologikoen munduko erakusleihorik onenak dira. Testuinguru horretan, Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak, bere 60. urteurrenean, 40 herrialdetako 200 aditu baino gehiagorekin, Lurraren Zientzietako erakunde nagusien ordezkari gisa, irakurri du IUGS Zumaiako adierazpena.

Stanley Finney IUGSko idazkariaren hitzetan, “Zumaiako adierazpena Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartearen deklarazio bat da, gure ondare geologikoa zaintzearen garrantziari buruzkoa”.

Halaber, “Zumaiako adierazpena komunitate geologikoak Lurraren zientziek etorkizunean ditugun erronkei aurre egiteko moduan duten zereginari buruz  duen ikuspegia da: klima-aldaketa, uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa, mineral berrien eskuragarritasuna, lehengaiak, energia…”, adierazi du Asier Hilario IUGS-Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko zuzendariak. “Oinarrizko ikerketaren alde egitearekin ere badu zerikusia. Izan ere, geologiako eta beste edozein zientziatako oinarrizko ikerketa funtsezkoa da sistemak nola funtzionatzen duen ulertzeko”, gehitu du Hilariok.

Munduko geologo adituenak bildu dituen nazioarteko ekitaldi honen itxiera-ekitaldian izan dira Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea, Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Saiburua, Nickolas Zouros, Global Geoparks Network-eko presidentea, John Ludden, IUGSko presidentea, Stanley Fineey, IUGSko idazkari nagusia eta Asier Hilario, IUGS-Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko zuzendaria, besteak beste.

Arantxa Tapia sailburuak azpimarratu du “ohorea dela Zumaian geologiaren inguruko komunitate zientifiko zabal bat jasotzea”. Euskal Herria lurrera errotutako herria dela gogorarazi du, “lurralde txikia gara, baina geologikoki oso aberatsa eta anitza”. Klima-aldaketari dagokionez, ohartarazi du “gaur egun planetari gertatzen zaiona iragan geologikoan ere gertatu zela, baina oraingo honetan gu gara aldaketa horien guztien eragile nagusiak”, eta adierazi du “ondare geologikoa kontserbatzea ezinbesteko dela klimaren eta biodibertsitatearen krisiari aurre egiteko”.

Bestalde, Markel Olanok adierazi du nazioarteko ekitaldi hau “Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat aintzatespen bat ere bada, eta Gipuzkoa harro dago horretaz. Geoparkeak erakusten digu oreka egon daitekeela kontserbazioaren, gozamenaren eta naturaren azterketaren artean. Zumaiako deklarazioa gurea egiten dugu, eta berresten dugu ezagutza-zientifikoa, eta horren baitan lurraren zientziak, klima-aldaketaren aurkako politiken oinarria izan behar dutela, eta erronka horri lankidetzan ari gara heltzen".

Munduko Lehen 100 leku horien zerrenda osoa IUGSen Ondare Geologiko Nazioarteko Batzordearen webgunean ikus daiteke: https://iugs-geoheritage.org

Erakusketa

Nazioarteko ekitaldi hoen harira antolatu den Munduko Lehen 100 Geologia interes guneak erakusketa zabalik izango da Alondegiko Oxford aretoan azaroaren 6ra arte; egunero 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Lurraren zientziek XXI. mendeko ingurumen erronkei aurre egiteko duten garrantzia nabarmendu dute Zumaiako adierazpenean