Zuhaitz landaketa egingo da Elorriagan igande honetan

2021-03-10

Izen-emateak: Itziarko harrera-bulegoan, aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoz.

Azken urteotako ohiturari jarraituz -2020a salbuespena izan zen-, aurten ere zuhaitz landaketa egingo da Elorriagako (Itziar-Deba) lursailetan. Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako ekimena da. Landaketa igandean, martxoak 14, izango da goizeko 9:30ean Elorriaga auzoko Galarreta gainean eta 12:30ak arte luzatuko da gutxi gorabehera.

Ekimen honek bi helburu ditu: Biotopoaren eremuan bertako basoa eta paisaia berreskuratzea, batetik; eta, bestetik, ingurumenaren balioekiko kontzientzia sortzea herritarrengan, bereziki umeen eta gaztetxoen parte-hartzea sustatuz.

2014an sortutako ekimen honi esker, dagoeneko ehunka zuhaitz landatu dira Elorriagako parajean. Aurten 80 bat zuhaitz landatuko dira: arteak (Quercus ilex), haritzak (Quercus robur) eta gurbitzak (Arbutus unedo). Horrez gain, aurreko urteetan landatu eta galdu edo hondatu diren zuhaitzen ordez, berriak jarriko dira.

Egoerak hala eskatuta, plaza-kopuru mugatua izango da, eta ume eta gaztetxoei emango zaie lehentasuna. Parte hartu nahi duenak aldez aurretik eman beharko du izena Itziarko harrera-bulegoan (ordutegia: 8:00etatik 12:00etara, lan-egunetan), aurrez aurre, 943 19 92 55 telefonora deituta edo itziarkoauzoudala@gmail.com helbide elektronikoan. 

Covid-19a dela eta, indarrean dauden osasun neurriak ezarriko dira, eta nork bere lanabesak eraman beharko ditu (aitzurra…). Bestalde, arropa eta oinetako egokiak jantzita etortzea aholkatzen da.

Zuhaitz landaketa egingo da Elorriagan igande honetan