2023-05-30
Nazioarteko hirien arteko senidetzeak ohikoak dira, ez hainbeste lurraldeen artekoak. Geoparkeen Munduko Sareak irudikatzen duen aukera komuna aprobetxatuz eta elkar ezagutzeko eta lotura estutzeko tresna interesgarriak direla sinetsita, Uruguaiko Geoparque Grutas del Palaciok eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak etorkizunean senidetzeko lehen urratsa eman zuten, atzo, Zumaiako San Telmo ermitan egindako topaketan.
Munduko UNESCO geoparkeak diren bi lurraldeetako ordezkariek parte hartu zuten erakundeen arteko bileran; alde batetik, Grutas del Palacioko koordinatzaile nagusi Eugenio Bidondo, eta, bestetik, Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso eta zuzendari zientifiko Asier Hilario.
Interes geologikoagatik ez ezik, soziologia eta kultura kontuengatik eman dute urratsa biek ala biek; izan ere, Uruguaiko Flores departamendua eta bere hiriburua, Trinidad, izan ziren iraganean euskal inmigrazio gehien jaso zuen eskualdea. Hego Amerikako bigarren herrialde txikiena da Uruguai, eta Latinoamerikako bi erraldoien artean kokatuta dago, Brasilekin eta Argentinarekin muga egiten. Hala ere, Europatik kanpo euskal jatorrizko biztanle gehien duen lurraldea da, Argentinarekin batera. Uruguaiko biztanleen %10 inguru euskaldunen ondorengoak dira.
Hamar urteko ibilbidea
Geoparkeari izena ematen dion haitzuloa 200 zutabez baino gehiagoz osatutako eraketa geologiko bitxia da. Grutas del Palacio Munduko Geoparke izendatu zuten duela hamarkada bat. 3641 kilometro karratuko lurralde ikusgarri hau Uruguaiko Flores departamenduan dago, Montevideo hiriburutik 200 kilometrora. Geoparkeen Sare Globalean sartzen den bigarren geoparke latinoamerikarra da, eta Latinoamerikako eta Karibeko Geoparkeen Sareko (GEOLAC Sarea) kide sortzailea ere bada.
Elkarlanerako lehen urrats honek balio sinboliko nabarmena du, eta etorkizuneko hezkuntza-proiektu komunetarako oinarriak ezartzen ditu, non euskal kulturaren historia eta lotura komuna izango diren protagonista. Lankidetza horri esker, Geoparkeko gazteek ulertu ahal izango dute iraganean herri migratzailea izan zela gurea, eta ikusi ahal izango dute nolakoa izan zen Ameriketan etorkizun hobea bilatzea erabaki zuten euskaldunen bizitza, eta zein izan zen Latinoamerikako herrialde txiki bat eraikitzeko egin zuten ekarpena. Era berean, Floreseko gazteek arbasoen kulturarekin harreman zuzenagoa izateko aukera izango dute, euskara barne.