2014-03-10
Euskal Kostaldeko Geoparkeak lurraldera sartzeko sarrera nagusietan seinale-kartelak jarri ditu, herritarrei eta bisitariei Geoparkearen eremuan sartu direla jakinarazteko.
Irudian, Geoparkearen sarreran kokatu den karteletako bat, N-364 errepidean, Mendaro-Deba norabidean.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Mutriku, Deba eta Zumaiako udalerriek osatua, urrats berri bat eman du haren irudia zabaltze aldera, eta dagoeneko ikusgarri da herritar eta bisitarientzat Geoparkearen eremura sartzeko sarrera nagusietan ipini diren seinaleei esker.
Lanak oraindik ez dira amaitu baina jada kartelak ikusgai dira hainbat tokitan, hala nola, A-8 autopistan, Zumaia parean, N-364 errepideko zenbait puntutan eta beste bigarren mailako errepideetan, beti ere, Geoparkearen eremurako sarbideetan.
Leire Barriuso, Geoparkeko gerentearen hitzetan, “ekimen honekin Geoparkearen irudia zabaltzeko urrats berri bat eman dugu eta, era berean, gonbidapen bat ere bada, balio geologiko, natural eta kultural handia duen lurralde honek eskaintzen dituen aisialdirako aukera anitzak ezagutzera emateko, bisitariek Euskal Kostaldeko Geoparkeaz goza dezaten”.