TVE-ko lantalde bat Euskal Kostaldeko Geoparkeari buruzko erreportajea ari da grabatzen egunotan

2012-04-27

  • La aventura del saber” telebista saioko lantalde bat (TVE) Euskal Kostaldeko Geoparkean da egunotan, bertako toki adierazgarrienetakoak grabatzen.
  •  Atzo ekin zioten filmatzeari, Karstaren Ibilbidean barrena. Gaur Lasturko antzinako burdinolak bertatik bertara ikusi eta Ekaingo koba ezagutuko dute, Xabier Orue EHUko Paleontologia katedradunaren eskutik.

 

TVEko “La aventura del saber” saioko lantalde bat Euskal Kostaldeko Geoparkean da egunotan, erreportajea grabatzen.

 

Programa hau 1992tik dago emisioan eta euren erreportajeetan natura, gai sozialak, teknologia eta humanitateak lantzen dituzte.

 

Ez da lehen aldia saio honek Euskal Kostaldeko Geoparkeari buruzko erreportajea eskaintzen duela. 2011ko irailean Deba, Mutriku eta Zumaian izan ziren bi erreportaje filmatzen. Hain zuzen, euren webgunean daude
ikusgai, www.rtve.es/television/la-aventura-del-saber.


Orduan, baina, eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuten Geoparkeko barnealdeko hainbat irudiren grabazioa eta, horrexegatik, berriro itzuli dira, Karstaren Ibilbideko irudiak hartzera.

 

Hala, atzo Karsta grabatzen izan zen telebistako lantaldea Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunek lagunduta: Olatz, Mutriku, Ziñua… Geoparkeko kideek bisitariei eskaintzen zaizkien bisita geoturistikoen berri eman zieten erreportariei, bertako kultura, geologia, mitologia eta etnografia zabaltzea helburu duten bisitak, alegia.

 

Jarraian, Mutrikuko Kalbaixo ermitara igo ziren eta bertatik Euskal Kostaldeko Geoparkean batzen diren bi munduak begi-kolpe batez ikusteko aukera izan zuten, Flyscha eta Karsta.

 

Astigarribian eta Sasiolan egon ondoren, Lasturren amaitu zuten ibilbidea, Karstaren mundua ezagutzeko puntu interesgarrienetakoa. Aranzadiko kide Jose Angel Torresen eskutik, Lasturko bailara karstikoaren adierazpen garrantzitsuenak grabatu zituzten.

 

Gaur, berriz, EHUko Paleontologia katedradun Xabier Orue izango du telebistako lantaldeak gidari. Lasturko antzinako burdinoletan barrena murgilduko dira eta Ekaingo kobaren sarrera ezagutu ostean, Ekainberri bisitatuko dute, Ekaingo haitzuloaren erreplika.

None
TVE-ko lantalde bat Euskal Kostaldeko Geoparkeari buruzko erreportajea ari da grabatzen egunotan