2014-06-25
Bidaietan espezializatua dagoen webguneko erabiltzaileen iruzkin eta iritzi onei esker lortu du errekonozimendua.
Euskal Kostaldeko Geoparkeko Flyscharen Ibilbideak Tripadvisor webgune ezagunaren Bikaintasunaren Ziurtagiria 2014 eskuratu du. Horrek erakusten du Flyscharen Ibilbideak etengabe jaso dituela webgune honetako erabiltzaileen iruzkin eta iritzi onak. Hain zuzen, bidaiariek TripAdvisor webgunean idatzitako iruzkinei eta puntuazioari esker lortu du saria Flyscharen ibilbideak.
Gogoratu behar da 2010ean Flyscharen Ibilbideak Euskadi Turismo Saria eskuratu zuela.
Flyscharen Ibilbidea
Geoparkeak Flyscharen Ibilbidea itsasontziz egiteko aukera eskaintzen du urte guztian zehar eta bisitarien artean arrakasta gehien duen irteeretako bat da, zalantzarik gabe. Zumaia eta Mutriku artean, Debatik pasatuz, Geoparkeko kosta ikuspegi geologikotik eta kulturaletik ezagutzeko aukera ematen du irteera honek. Txangoan zehar, flyschari buruzko azalpenak ematen ditu gida batek, baita zonalde honetan oso garrantzitsuak izan ziren bizimodu eta ohiturei buruzkoak ere: ontzigintza Zumaian, merkataritza Deban eta balea-arrantza Mutrikun.