2021-04-21
Entitate Laguntzaileen sareak turismo arloko ostatuak eta entitateak biltzen ditu, eta lurraldearekiko atxikimenduak eta ingurune sozial eta naturalarekiko konpromisoak batzen ditu. Talde horretan 6 kide gehiago sartu dira eta, gaur goizean, hilak 21, Arbe Hotelean ongietorria egin eta plaka bereizgarria entregatu zaie.
Ekitaldian sareko kide berriek atxikimendu-adierazpena sinatu dute, entitate laguntzaileen konpromisoa eta “zereginak” biltzen dituena. Jarraian, entitate laguntzaileek aurrerantzean euren establezimenduetan erakutsiko duten plaka bereizgarria jaso dute.
Bertan izan dira, Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatea eta Geoparkeko presidentea, Gilen Garcia, Debako alkatea, Jone Esnal, Zumaiako Turismo Bulegoko teknikaria eta Leire Barriuso, Geoparkeko kudeatzailea.
Gaur-gaurkoz 23 entitate kolaboratzaile ditu Geoparkeak eta Debako, Mutrikuko eta Zumaiako, ostatuak eta turismo zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak daude sarean (*ikusi entitate laguntzaileen zerrenda prentsa-oharraren amaieran). Hauek guztiek egiaztatu dute kalitate eta etengabeko hobekuntza prozesuetan murgilduta daudela. Eskaintzen dituzten zerbitzuak eta produktuak ikuskatuak izan dira eta agerikoa da Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkearekiko zein iraunkortasunarekiko konpromisoa.
Geoparkeak, bestalde, laguntzaile diren entitateen informazioarekin atal bat du ikusgai webgunean. Gainera, deskontu kodeak banatuko dizkie entitate laguntzaileei, bezeroen artean Geoparkeko bisita gidatuetan parte hartzeko prezio murriztuak eskaini ditzaten. Bestalde, Estatuko Ekoturismo Elkartean sartzeko aukera ere izango dute kolaboratzaileek.
Horrekin guztiarekin, Geoparkeak aitortza egin nahi die kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lanean diharduten entitateei. Geoparkea helmuga ekoturistiko gisa kokatzen laguntzen duten aldetik, Geoparkeak elementu bereizgarri bat eskainiko die besteengandik bereizteko.