Ostegunean abiatuko da Europako Geoparkeen IV. Astea

2014-05-26

Maiatzaren 29tik ekainaren 8ra Europako Geoparkeen IV. Astea burutuko da Geoparkean. Egitarau osoa gaur eman da ezagutzera Debako Turismo Bulegoan egin den prentsaurrekoan.

Ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Mertxe Garmendia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Iker Ruiz de Eguino, Debako Alkate Maider Zubikarai eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduraduna, Leire Barriuso.

Ostegunean hasi eta datorren ekainaren 8ra bitarte, Europako Geoparkeen Astea burutuko da Zumaian, Deban eta Mutrikun, Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan. Egitasmo honek laugarren edizioa beteko du aurten. Bertako ondare natural, geologiko eta kultural baliotsua herritarrei eta, bereziki, Geoparkeko biztanleei gerturatzea du helburu, dibulgazio eta sentsibilizazio lana egiteaz batera. 

Geoparkeen Astea ostegunean abiatuko da, hilak 29, Zumaian, Luis Alcala paleontologoak eta Dinopolis Fundazioko zuzendari gerenteak eskainiko duen hitzaldiarekin. “Gure Parke Jurasiko partikularreko dinosauroak” izenburupean, hitzaldia Algorri Interpretazio Zentroan izango da, 19:00etan. Aurretik, Geoparkeak antolatu duen haurrentzako marrazketa lehiaketako sariaren banaketa ekitaldia egingo da. “Dinosauroak desagertu ziren eguna” lelopean, Zumaia, Deba eta Mutrikuko lehen hezkuntzako ikasleek hartu dute parte lehiaketan, sormen handiko lanak erakutsiz. Osteguneko ekitaldian Luis Alcala berak saria emango dio irabazleari, 4 lagunentzako bidaia Dinopolis-era.

Egitarauaren barruan, aipatzekoa da, halaber, Xabier Peñalver arkeologoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Deban eskainiko duen hitzaldia, “Geoparkeko arbaso zaharrenen argazkia (Ekain, Praileaitz…)” izenburupean. Hitzaldia ekainaren 5ean izango da, osteguna, 19:00etan, Ostolaza Kultur Elkartean. 

Halere, aurtengo berrikuntza nagusia izango da GeoAzoka edo Geoparkeko I. Nekazaritza Azoka. Baserritarren lana ikustarazteko eta baliosteko helburuarekin eta bertako produktuen kontsumoa sustatu nahirik, GeoAzoka ekainaren 7an egingo da, larunbatean, Deban, 9:00etatik 14:00etara. Azokan eskainiko dira: nekazaritza produktuen salmenta, haurrentzako tailerrak, ardi ile mozketa erakustaldia, produktu dastaketa, eta azokako produktuekin osatutako otarraren zozketa. 

 

Bisita gidatuak eta “Harria” ikus-entzunezkoaren proiekzioa

Aurten ere Geoparkeak visita gidatuak dohainik egiteko aukera eskainiko die herritarrrei. Hain zuzen, Geoparkearen eskaintza osatzen duten 8 irteeretatik 3 egin ahal izango dira doan, zientzia, natura eta kultura batuz, hala nola, “Flysch beltza”, “Artzain txikiak” eta “Karsteko zaporeak”. Interesa duten herritarrek aurrez eman behar dute izena Mutriku, Deba edota Zumaiako turismo bulegoekin harremanetan jarriz. Irteera gidatuak noiz: 

  • Flysch beltza”. Maiatzak 31, larunbata, 16:00etan, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan.

  • Artzain Txikiak”. Ekainak 1, igandea, 10:30ean, Lasturko plazan (Deba). 

  • Karsteko zaporeak”. Ekainak 8, igandea, 10:00etan, Olatzeko ermitan (Mutriku).

Gainera, Mutrikun, olatuen energia aprobetxatzeko plantara doako bisita gidatua egiteko aukera ere eskainiko da, ekainaren 3an; hurrengo egunean, aldiz, Deban historian zehar harriaren erabilpena ezagutu eta ulertzeko ibilaldi gidatua egingo da, Hector Fano geologoaren eskutik. Irteera geologiko honen aurretik, “Harria” ikus-entzunezkoaren proiekzioa eskainiko da, Geoparkeko biztanleen euskarazko testigantzekin osatua. Badihardugu Euskara Elkartearen laguntzarekin egina, ‘Ahotsak’ egitasmoaren baitan, ekimen honekin Geoparkeko euskarazko ahozko ondarea ezagutarazteaz gainera, bertako euskaldun zaharrek oraintsu arte izan dituzten ohitura eta bizimodua erakutsi nahi da.

Bestalde, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoak ate irekien jardunaldia egingo du maiatzaren 31an, larunbatean, 17:00etatik 19:00etara, Mutrikuko historia geologikoa ezagutzera emateko helburuarekin. 

 

GEOPARKEAREN GUNEAren inaugurazioa

Europako Geoparkeen Astearen baitan antolatu diren ekimen guztien berri emateaz gainera, Geoparkeak gune berri bat inauguratu du. Geoparkearen Gunea herritarrei zabalik dago  Debako turismo bulegoan (Ifar kalea, 4) eta erakusketa eta interpretaziorako espazio bat da.

Gune honek Geoparkearen balio garrantzitsuenak biltzen ditu. Horretarako, erakusketa modulo bat diseinatu eta eraiki da. Batetik, pantaila handi batean Geoparkearen promoziorako ikus-entzunezkoa ikus ahal izango du bisitariak. Bestetik, Geoparkearen Gunean Geoparkeko altxorrik preziatuenak bertatik bertara ikusteko aukera egongo da. Bitrinetan hainbat pieza baliotsu jarri dira ikusgai: Debako Septarea bitxiak, Mutrikuko Ammonite erraldoi bat, Zumaiako arrasto fosilak, duela 100 milioi urte bizi izan zen koral adarkatu bat,  estalagmita baten sekzioa non bere eraztunetan azken milaka urteetako klima aldaketak irakur daitezkeen eta, azkenik, erakusketako harribitxia: Venusaren eta 14 piezaz osaturiko Praileaitzeko lepoko famatuaren erreplika zehatz bakarra.

 

Geoparkearen gunea herritarrentzako zabalik dago Debako turismo bulegoan. Ordutegia: astelehentik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara.

 

Ostegunean abiatuko da Europako Geoparkeen IV. Astea