2017-09-29
Asteburu honetan abian jarriko den Ornitho-Euskadi sariak hegaztien munduaren kontserbazio eta dibulgazioarekin lotutako lanetan inplikatu nahi ditu herritarrak, behaketaren bitartez. Ekimenaren eginkizuna da hegaztien behaketen zerrenda osoak bidaltzea www.ornitho.eus webgunera (dela webgunearen bidez, dela mugikorretarako NaturaList aplikazioaren bitartez). Behaketa horiek gutxienez 30 minutuz egin behar dira Euskadiko edozein puntutan, Trebiño konderrian edo Villaverde haranean.
Urdaibai eta Txingudiko Ekoetxeek, Ataria zentroak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Urdaibai Bird Centerrek, Basquetourrek, Birding Euskadik eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta, lehiaketa urriaren 1ean hasiko da, Hegaztien Mundu Egunarekin batera. Gure hegaztien kontserbazioaren eta ingurumen-hezkuntzaren aldeko zientzia herritarraren proiektu berri honek ahalbidetzen du behaketen zerrenda osoak sartzea datorren urteko abuztuaren 31ra arte.
Ornitho-Euskadi herritarrei dago irekita. Parte hartzen duten pertsonek ornitho.eus plataforma erabili behar dute eta “zerrenda osoak” sartu. “Zerrenda osoak” terminoa erabiltzen da behatzaile batek denbora-tarte eta leku jakin batean behatzen dituen espezie guztiak idatziz erregistratzen dituenean. Lehiaketan parte hartzeko, beharrezkoa da aurretik izena ematea, mezu elektroniko bat ornitho@aranzadi.eus helbidera bidaliz, parte hartzeko nahia eta erabili beharreko erabiltzailearen izena (emaila) www.ornitho.eus webgunean adieraziz. Antolatzaileek berrespen-mezu batez erantzungo diote email horri. Izena emateko garaia 2017eko urriaren 1ean hasi eta 2018ko abuztuaren 31n bukatuko da.
Saria
Saria swarovski markako prismatiko/teleskopio bat izango da, eta zozketaz esleituko da. Beraz, pertsona erabiltzaileak sartutako “zerrenda osoen” kopurua bezainbeste aukera izango ditu, eta, hortaz, “zerrenda oso” gehien sortu dituenak aukera gehiago izango ditu. Zozketa 2018ko irailaren 14an –ostirala- egingo da, eta saria oraindik ere erabaki ez den leku batean entregatuko da.
Antolatzaileek webgune bat prestatuko dute parte-hartzaileek lehiaketaren jarraipena egin dezaten (rankinak, eta abar).
Erakunde antolatzaileak
Txingudi eta Urdaibaiko Ekoetxeak, Natura 2000 Sarearen eta Biosfera Erreserbaren –Urdaibairen kasuan- eremu natural babestuetan kokatuta, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza ekipamenduen Sarean daude sartuta.
Ataria Salburuko hezeguneen Interpretazio Zentroa da. Hau ere Natura 2000 Sareko eremu bat da, eta Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren mende dago (CEA).
Urdaibai Bird Center Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatutako zentro bat da. Bere eginkizuna da Urdaibaiko Biosfera Erreserbako hegaztiei eta euren habitatei buruzko ingurumen-hezkuntzan eta dibulgazioan aritzea.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak Zumaia, Deba eta Mutriku udalerriak biltzen ditu. 2010az geroztik, Geoparken Sare Europar eta Globalaren kidea da, eta 2015ean UNESCOren Mundu Geoparkea izendatu zuten.
Basquetour Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren sozietate publiko bat da. 2006an eratu zen, euskal turismoaren lehiakortasun-estrategiaren bultzada eta inplementazioa gidatzeko. Birding Euskadi beraren produktuetako bat da.
Aranzadi Zientzia Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, helburutzat duena ondare natural eta kulturala aztertzea eta dibulgatzea; www.ornitho.eus atariaz arduratzen den erakundea da. Berau zientzia herritarraren atari bat da, faunaren alorreko aipamenak biltzera zuzendua. Euskadiko garrantzitsuena da bere alorrean, eta oso errotze sendoa du Europa osoan.
www.ornitho.eus plataforma Interneteko atari bat da, helburutzat duena Euskadiko faunaren alorreko aipamenak biltzea, hedatzea eta horien inguruko kontsulta ahalbidetzea. 2015ean inauguratua, gaur egun 100.000 behaketa baino gehiago erregistratzen ditu urtean, eta, hortaz, www.ornitho.eus erreferentziazko ataria da bere lurralde-eremuan. Atari horren informazioa, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Naturaren Informazio Sistemarekin lotuta dago, eta bai beraren sostengua eta bai Aldundiena du, proiektuarekin kolaboratzen duten erakunde batzuen sostenguarekin batera.