Ondare geologikoari buruzko XI. biltzarra asteartetik aurrera Euskal Kostaldeko Geoparkean

2015-06-05

  • Biltzarra Zumaian egingo da, ekainaren 9tik 13ra.
  • Estatu osotik, Portugaletik eta Hego Amerikatik etorritako 150 adituk parte hartuko dute ekimenean.
  • Ia 100 aurkezpen, ahozkoak zein posterrak, adituen hitzaldiak, ondare geologikoari buruzko ikastaro bat eta Geoparkea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzeko irteerak egingo dira.

 

Datorren asteartetik aurrera, ekainak 9, Espainiako Geologia Elkarteko (SGE) Ondare Geologikoaren Batzordearen XI. Biltzarra egingo da Euskal Kostaldeko Geoparkean (Mutriku-Deba-Zumaia). Biltzarra Zumaian egingo da, hiru kokapen ezberdinetan banaturik: Aita Mari Zinea, Kultur Etxea eta Algorri Interpretazio Zentroa. Hain justu, 10. urteurrena ospatzen ari da aurten Algorri Zentroa.

1994tik Ondare Geologikoaren Batzorde honek estatu-mailako biltzar bat egiten du aldian-aldian, ondare geologikoaren kudeaketa integralaren arloan izan diren azken lanak eta ekarpenak aurkezteko: legeak, naturaguneak, kudeaketarako baliabideak, geokontserbazioa, inbentarioak osatzea eta balorizazioa, geoturismoa, didaktika, dibulgazioa, sentsibilizazioa eta ondasun higigarria.

Ondare Geologikoaren Batzordeak biltzarra geoparke batean egiten duen aurreneko aldia izango da, eta izan ere, susperraldi betean daude gaur egun geoparkeak, ondare geologikoa lurralde baten garapenerako baliabide gisa sustatzeko eta lantzeko aukera bikainak eskaintzen dituztelako, besteak beste.

Aurten, gainera, biltzarrak inoizko hartze hartze handiena izango du, 150 adituk eman baitute izena, estatu osotik, Portugaletik eta Hego Amerikatik etorriak.

SGE-ko Ondare Geologikoaren Batzordeak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu dute ekimena, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Geologia eta Meatze Institutuak (IGME) diruz lagundu dute.

 

Biltzarraren inaugurazio ekitaldia asteartean egingo da, ekainak 9, 18:30ean Zumaiako Aita Mari Zinean. Bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi; Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu Jon Peli Uriguen; Zumaiako jarduneko alkate Iñaki Agirrezabalaga; IGMEko ordezkari Angel Garcia-Corte; eta SGEko presidentea, Marcos Aurell.

 

Egitaraua 

Biltzarrak iraungo duen 5 egunetan adituen hitzaldiak, ondare geologikoari eta geoparkeei buruzko ikastaro trinkoa, lanen aurkezpenak eta Geoparkea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzeko irteerak egingo dira. 

Denera 91 lan aurkeztuko dira biltzarrean. 22 ahozkoak izango dira, 65 posterrak eta 4 ikus-entzunezkoak.

Bestalde, ekainaren 9an, asteartea, ondare geologikoari eta geoparkeei buruzko ikastaro trinko bat izango da, 8 ordukoa. Kudeaketarekin lotutako oinarrizko kontzeptuak landuko dira ikastaro horretan: ondare geologikoaren kudeaketarekin lotutakoak, oro har, eta zehazki, geoparkeen jardunarekin lotutakoak. Ikastaroa Algorri Interpretazio Zentroan egingo da. 

 

Hitzaldiei dagokienez, 3 saio egingo dira ekainaren 9an, 10ean eta 12an, Zumaiako Aita Mari Zinean, hainbat adituren eskutik:

1. Geokontserbazioari eta geoparkeei buruzko elkarrizketak. Parte hartuko dute: 

  • Jose Brilha, Universidade do Minhoko irakaslea (Braga, Portugal) eta ProGEO-ko presidentea (European Association for the Conservation of the Geological Heritage) 
  • Luis Alcala, Teruelgo Multzo Paleontologikoko zuzendari gerentea. Maestrazgoko Geoparkeko zuzendari zientifikoa eta Geoparkeen Batzordeko koordinatzailea.  Europako Geoparkeen Sareko Advisory Committee-ko kidea.  

Aurkezle eta moderatzaile: Asier Hilario, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zzuendari zientifikoa.

2. Geoparkeko flyscha: afloramendu ikusgarri honen ikerlanaren mugarriak eta historia, Xabier Orue-Etxebarriaren eskutik, EHUko Mikro-paleontologia Katedraduna eta Geoparkeko batzorde zientifikoko kidea. 

3. Ondare geologikoaren kontserbazioa, promozioa eta erabilera soziala, Antonio Cendreroren eskutik, Kantabriako Unibertsitateko kanpo Geodinamika Katedraduna, Ondare geologikoaren ikerketan aitzindaria eta zientzien akademiako kidea, besteak beste.  Eztabaida aurkeztu eta moderatuko du Luis Carcavillak, IGMEko ondare geologikoaren arloko ikertzailea eta gai honi buruzko hainbat argitalpenen egilea.

Kanpo irteerak egiteko aukera ere izango dute biltzarrean parte hartuko duten adituek. Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko irteera ostegunean egingo da, ekainak 11. Bisita honetan interesgune geologiko eta kultural garrantzitsuenak ezagutzeko aukera izango dute, baita azken urteotan promoziorako eta kudeaketarako egin diren aktuazioak ere. Hondartzak, itsaslabarrak, bailara ezkutuak, itsas-zaporea duten herriak… oinez, autobuses eta itsasontziz egingo dute bisita.

Biltzarra ekainaren 13an, larunbatez, amaituko da, Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzeko irteera batekin. Euskal Herrian naturaren kontserbazio eta kudeaketa arloan ikono bihurtu da Urdaibai eta azken urteetan aktiboki landu du ondare geologikoa, biosferaren erreserben sarearen barruan erreferente bilakatuz. Irteera honetan egindako aktuazioak ikusi eta euskal kostaldean daukagun paisaje erakargarrienetakoa ezagutuko dute.

Ondare geologikoari buruzko XI. biltzarra asteartetik aurrera Euskal Kostaldeko Geoparkean