2021-11-22
Munduko interesgune geologikoen inbentarioa abian jarriko duen proiektuaren oinarriak finkatu dira eta erabaki da, besteak beste, munduko lehen 100 Global Geosites-en aurkezpena Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo dela datorren urtean International Union of Geological Sciences-eko (IUGS) ordezkariak egongo diren ekitaldi batean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxetar Group taldearekin duen hitzarmenaren bitartez enpresa talde horrek biotopoan duen Amalur egoitzan egin da bilera eta bertan izan dira International Union of Geological Sciences-eko (IUGS) idazkari nagusia den Stanley Finney eta taldeko beste hainbat nazioarteko ordezkari eta Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa eta IUGSeko Nazioarteko Ondare Geologikoarean batzordeko presidentea. Jabier Larrañagaren, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua, bisita izan dute baita ere.
Bilera honetan munduko interesgune geologikoen inbentarioa, IUGS Global Geosites izenekoa, abian jarriko duen proiektuaren lehen urratsak eman dira eta 2022 urtean, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean aurkeztuko da. Zumaia eta Donostia artean egingo den biltzar garrantzitsu honek munduko lehen 100 IUGS Global Geosites-en berri emango du eta IUGSen 60. urteurrena eta UNESCOren Nazioarteko Geozientzia Programaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia izango da. Zentzu horretan, Geoparkeko flyscha zientzia-programa garrantzitsu honen irudi eta erreferentzia bihurtuko da.
Pozik azaldu da horrekin Asier Hilario, izan ere, “ondare geologikoak lurraren memoria gordetzen du eta hori ulertzea ezinbestekoa da egun ditugun ingurumen erronka askori aurre egiteko”. Ondare geologikoa natur ondarearen zati garrantzitsu bat da. “Urteetan zehar, Biotopoa eta Geoparkearen bitartez, erakutsi dugu ondare geologiko hau babesteko konpromisoa daukagula eta geoturismoaren eta txikienen hezkuntzaren bitartez bertako garapena bultzatzeko konpromiso hori erakutsi dugu” nabarmendu du Hilariok. Ondare Geologikoaren nazioarteko batzordea zuzentzea ohore bat da gure lurraldearentzako, “nazioartean geroz eta garapen handiagoa duen arlo honetan erreferente bezala kokatzen gaituelako”.
Era berean, Geologia Zientziaren Nazioarteko Elkargoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak azken urteetan aurrera eramandako lankidetza indartzeko balioa izan du bilerak. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere partetik, eskerrak eman egin dizkio IUGSeri “bere konfiantzagatik eta Gipuzkoan arlo honetan egiten ari garen lana nazioartean zabaltzeagatik. Oso berri pozgarria da 2022 urtean IUGS Global Geosite programa handia Euskal Kostaldeko Geoparkean aurkeztea, munduko lehen 100 IUGS Global Geosite lelopean. Natur ondarearen kudeaketan lurralde eredugarria izan nahi dugu mundu mailan, ondorengo belaunaldiek ere ezagutu eta gozatu ahal izan ditzaten hemen ditugun altxorrak. Eta Geoparkea euskarri oso garrantzitsua da konpromiso hori nazioartean proiektatzeko”, adierazi du Jabier Larrañagak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuak.
Geologia Zientziaren Nazioarteko Elkargoak (ingelesez International Union of Geological Sciences) munduko elkarte zientifiko zabal eta zaharrenetakoa da. Munduko 121 lurraldeek sortu zuten 1961. urtean eta gaur egun, milioi bat zientzialari baino gehiago eta 65 zientzia elkarte bateratzen ditu mundu guztian. Elkargoaren helburu nagusia da geologia zientziaren oinarriak zehaztu, jarraibideak definitu eta nazioarteko kooperazioaren bitartez gizakiaren ongizatearen alde proiektuak bultzatzea.
IUGSren lana batzorde desberdinetan gauzatzen da, esaterako, munduko mapa geologikoa, arroken sailkapena edo denbora geologikoaren banaketa definitzen dituzten batzordeak daude. 2020 urtean IUGSek Ondare Geologikoaren Batzordea sortu zuen (International Commission on Geoheritage IUGS-ICG) nazioartean ondare geologikoaren azterketarako eta kudeaketarako jarraibideak zehaztu eta nazioarteko kooperazioa sustatzeko, eta, Asier Hilario, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa, izendatu zuten Batzordeko presidente.
Hala ere, IUGSen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlana 2010 urtean Zumaiako flyschean urrezko hiltzeak jarri zirenean sinatutako hitzarmenarekin hasi zen. Azken urteetan ikono geologiko honetan egin den kudeaketa nazioartean eredu bezala jarri ohi du beti IUGSek. 2011 urtean elkarte honen batzar nagusia GFAko jauregian batzartu zen eta 2012 urtean Espainiako zerbitzu geologikoarekin batera Munduko kongresu geologikoa Donostian antolatzeko hautagaitza prestatu zen.
Horrez gain, 2017an Markel Olano diputatu nagusiak harrera egin zion IUGSeko idazkari nagusia den Stanley Finney geologo kaliforniar ospetsuari eta Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen balio geologiko, natural eta kultural nagusiak ikerkuntza bultzatuz zaintzea eta zientziaren arloan mundu mailako erreferentea izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.
Orain lehen aldiz batzorde honetako arduradunak Euskal Kostaldeko Geoparkean bildu dira etorkizuneko oinarriak eztabaidatu eta onartzeko. AEB, Txina, India, Alemania, Frantzia, Maroko eta Espaniako ordezkariak etorri dira Asier Hilariok eta Stan Finneyk antolatu duten bilera honetara.
Batzorde honek duen erronka nagusiena munduko ondare geologikoaren inbentarioa martxan jartzea da. Inbentario horrek IUGSen eta UNESCOren babes osoa jaso du eta jada eman dira lehen pausuak oinarriak zehaztu eta nazioarteko adostasunak lortzeko.
Geoparkean ospatu den bilera honetan erabaki da, besteak beste, inbentario horren aurkezpena Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo dela datorren urtean. Bertan, munduko lehen 100 Global Geosite aurkeztuko dira eta Euskal kostaldeko flyschak zerrendako leku nabarmen bat hartuko du.