Geoparkeak eta Mendietxe Museoak bat egin dute Mendien Nazioarteko Eguna ospatzeko

2025-12-01

Alex Txikon mendizalearen eta Asier Hilario geologoaren eskutik solasaldia izango da Zumaian, eta, ondoren, Azpeitiko Mendietxe Museora bisita gidatua antolatu da

2002an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak abenduaren 11 Mendien Nazioarteko Eguna izendatu zuen formazio natural horien garrantzia eta handitasuna nabarmentzeko helburuarekin. Urtero moduan, Geoparkeak bat egingo du ekimenarekin eta ekitaldi berezia antolatu du abenduaren 13rako (larunbata) Mendietxe Museoarekin elkarlanean. Bi erakundeen arteko lehendabiziko kolaborazio hau abiatzeko, solasaldia izango da Zumaian eta, ondoren, Azpeitian dagoen Mendietxe Museora bisita gidatua egiteko aukera izango da.

"Glaziarrak garrantzitsuak dira urarentzat, janariarentzat eta mendietako eta ibaian behera dauden eskualdeetako bizibideentzat" izenburuarekin dator 2025eko Mendien Nazioarteko Eguna, eskualde menditsuek munduko ur-biltegi gisa betetzen duten funtsezko eginkizuna nabarmenduz, eta glaziarren desagerpena saihesteko berehalako neurrien alde eginez. Gai honi bi ikuspegitik helduta ariko dira  Alex Txikon alpinista eta Asier Hilario geologoa GLAZIARRAK eta MENDIAK. Nola aldatu da alpinismoa klima aldaketarekin izeneko hizketaldian.  Zumaiako Aita Mari antzokian jarri dute hitzordua, 11:00etan.

Solasaldiaren ondoren, autobusa hartu eta Azpeitiko Mendietxe museoa ezagutu eta bertan bisita gidatua egiteko aukera izango dute aurrez izena eman dutenek. Bertan, proiektuaren nondik norakoak eta Txikonek gordetzen duen bilduma bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Museora bisita gidatua eta autobusean joanetorria egin nahi duenak 10 euro ordaindu beharko ditu eta izena eman Zumaiako Turismo Bulegoan edo labur.eus/mendiak2025 loturan.

Geoparkeak eta Mendietxe Museoak bat egin dute Mendien Nazioarteko Eguna ospatzeko