2012-04-24
Datorren maiatzeko zubira begira, Euskal Kostaldeko Geoparkeak gehitu egin du bisita eta jardueren kopurua. Hala, apirilaren 28tik maiatzaren 1era bitartean, naturaz, historiaz eta kulturaz gozatzeko aukera ugari izango da Geoparkearen eskutik. Aukera zabala da, publiko osoari zuzenduta.
Apirilak 28, larunbata
“Irteera geologikoa eta txalupa”.- Aditu baten laguntzarekin, Zumaiako ondare geologikoa ezagutzeko aukera ematen du bisita honek. Irteera 10:00etan Zumaiako Algorri Ezagutza Etxetik.
“Flyscharen ibilbidea. Ibilbide osoa”.- EUSKADI ESPERIENTZIA. Nautilus Ikasgune Geologikoa bisitatu ostean, Mutrikuko flysch beltzak, Debako itsaslabar izugarriak eta Zumaiako geruza bikainak deskubritzeko aukera paregabea eskaintzen du ibilbide honek. Irteera 16:00etan, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikotik.
Apirilak 29, igandea
“Karstaren mikrokosmosa”.- Ibilbide zirkular bat eginez, Arnoko mendigunearen bihotzean ezkutatzen den Olatzko bailara karstikoa ezagutuko dute bisitariek. Irteera 10:00etan Olatzko San Isidro elizatik.
“Artzai Txikiak”.- EUSKADI ESPERIENTZIA. Bisitariak euskal baserriaren mundura murgilduko dira eta familia osoak izango du gozatzeko aukera antzinako baserriko bizimoduan lantzen ziren ofizioak gogora ekarriz. Irteera 10:30ean Lasturko San Nikolas plazatik (Deba).
Apirilak 30, astelehena
“Zumaia eta itsasoa”.- BERRIA! Zumaia itsasoarekin lotzen duten elementuak ezagutzeko aukera: arrantzale kofradiako salmenta aretoa, merkatarien jauregiak, ontziolak… 16:30ean irteera, Zumaiako Turismo Bulegotik.
Maiatzak 1, asteartea
“Harriaren Ibilbidea”.- Ibilbide honek Mutrikuko ondare historikoa miresteko aukera ematen die bisitariei. 10:00etan irteera, Mutrikuko Turismo Bulegotik.
“Ibilaldia txalupaz”.- Deba eta Zumaia arteko flyschgune garrantzitsua ikusteko ibilaldia. 11:30ean
irteera, Zumaiako Txomin Agirre kaitik.
Informazio gehiago www.geoparkea.com webgunean. Halaber, bisita gidatuetarako sarrerak webgunean bertan eskuratu daitezke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.