2012-12-06
Euskal Kostaldeko Geoparkeak larunbat honetan, ekainak 16, abiatuko du Espeleologia irteera gidatu berria. Jarduera Deban kokaturik dagoen Aixa Kobazuloan burutuko da. Helburua Geoparkearen lurrazpiko mundu sekretua deskubritzea da.
Gida espezializatuen laguntzarekin, kobazuloan barrena bisitariek galeria luzeak zeharkatuko dituzte, ingurune misteriotsuak eta formazio harrigarriak bistaratuz. Aixako Koba Izarraitzko Mendigune Karstikoko kobazulorik zabal eta luzeenetakoa da.
Irteera hau burutzeko ez da prestakuntza berezirik eskatzen, monitoreak egongo dira une oro bisitariei beharrezko laguntza eta aholkuak ematen.
Irteera larunbaterako dago aurreikusita, arratsaldeko 16:00etan jarri dute hitzordua eta 3 orduko eta erdiko iraupena izango du, gutxi gorabehera.
Informazio gehiago edota hurrengo datak kontsultatzeko, www.geoparkea.com atarira jo dezake herritarrak.
Astebururako egitaraua
Espeleologia irteeraz gainera, Euskal Kostaldeko Geoparkeak jarduera hauek guztiak proposatzen dizkigu astebururako:
LARUNBATA, EKAINAK 16
11:00 - 13:30 UROLAKO ITSASADARRA KAYAK-EAN
Urolako Itsasadarra naturgune paregabea da, bertan Santiagoko dunak eta padurak, Artadiko basoak eta Beduako irlak balio handikoak izanik. Esperientzia honekin paradisu txiki honen baloreak ezagutu eta gozatu ahal izango ditugu.
16:00 - 19:30 FLYSCHAREN IBILBIDEA, IBILBIDE OSOA
Oinez eta itsasoz egingo dugun ibilbide osoan, itsasertz honetan dauden elementu berezi guztiak ezagutu ahal izango ditugu, besteak beste: Mutrikuko flysch beltzak, Debako itsaslabar izugarriak eta Zumaiako geruza bikainak.
IGANDEA, EKAINAK 17
09:30 - 13:30 FLYSCHAREN KOSTALDEA BELAZ
Zumaiako portutik abiatuta, euskal kostaldearen txoko hau ezagutuko dugu. Ingurunearen itsas-historia aberatsa ezagutuko dugu.
10:00 - 13:30 BIDELAPURREN IBILBIDEA
Irteera honetan Arnoko mendigunea inguratuko dugu bertako txokorik interesgarrienak bisitatuz; bestalde, Arnon hainbat kondaira eta izaki mitologikori buruzko kontakizunak aurkituko ditugu.
11:30 - 12:45 IBILALDIA TXALUPAZ
Itsas-txango zoragarria, Deba eta Zumaiaren arteko flyschgune garrantzitsua ikusteko aukera emango diguna. Itsasoak lagundutako itsaslabar zoragarrietan milioika urtetako historia geologikoa biltzen da, eta horrenbestez gune horrek Biotopo Babestuaren izendapena lotu berri du.
Bisita hauen guztien gaineko informazioa geoparkea.eus webgunean eskura daiteke. Halaber, bisita gidatuetarako sarrerak webgunean bertan erreserba daitezke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.