Las Loras geoparkeko elkarteetako ordezkariek Geoparkea bisitatu dute bertako hainbat erakunderen lana ezagutzeko

2025-09-15

Las Loras UNESCO Munduko Geoparketik (Burgos-Palentzia) etorritako lagun talde baten bisita berezia jaso dugu asteburuan. Kantauri Mendikatean hedatzen den lurralde honetako elkarte eta kultur taldeetako kideek osatutako talde honen helburua Geoparkeko tokiko erakunde batzuen lana, jarduerak eta eguneroko erronkak ezagutzea zen. Jardunaldian zehar, argi geratu zen geologiaz haratago, geoparkeak lurraldearen garapenerako tresnak direla.

Mutrikun hasi zen txangoa, herriko itsas tradizioa eta bertako kulturaren transmisioaren adibide bat gertutik ezagutuz: Danok bat Pelotazale Ekartea. Itziar Letek, klubaren ordezkari gisa, ongi etorria eman zion taldeari, eta, ondoren, zesta-punta erakustaldiaz gozatu zuten Miruaitz pilotalekuan.

Mutrikuko bisita osatzeko, Geoparkearen mendebaldeko mugetara joan zen taldea. Bertan, Saturrarango Memoria Historikoaren Elkarteko ordezkari Arantza Ugartek xehetasun guztiekin kontatu zituen kokaleku eder honetan ahaztu ezin den garai ilun batean jazo ziren gertaera lazgarriak.

Debatik igaro eta Itziarko gainean bazkaldu ondoren, taldea Zumaiara abiatu zen, Beduola Elkarteak itsas kulturaren ondarea berreskuratzeko egiten duen lan bikaina bertatik bertara ezagutzeko. Inaxio Manterolak eta Beñat Ibaietak elkartearen lana eta itsasontzi tradizionalak berreskuratzeko instalazioak erakutsi zizkieten.

Eta, bisita eta truke egun oparoa amaitzeko, Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscharen sekretuak itsasontziz ezagutzeko aukera izan zuten bisitariek. Las Loraseko lagunek interpretazio txango aparta egin zuten Flyscha, begiarada batean itsas-zeharkaldiari esker. 

Las Loras geoparkeko elkarteetako ordezkariek Geoparkea bisitatu dute bertako hainbat erakunderen lana ezagutzeko