2021-10-29
Euskal Kostaldeko Geoparkeak “Karst jaialdia: harria eta herria” izenburua duen ekitaldia egingo du Debako Zumardian, datorren larunbatean, azaroaren 6an. Hitzaldiak, harri-jasotzaile eta harri-zulatzaile erakustaldia, Merkatu Txikia, irteerak eta bestelako jarduerak antolatu dira, goizez eta arratsaldez.
Aurten, Karst and Caves nazioarteko urtea dela eta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak “Karst jaialdia: harria eta herria” ekitaldia antolatu du Debako Zumardian (eguraldi txarra egiten badu, karparen barruan egingo da ekitaldia). Azaroaren 6an izango da, larunbata, eta goizeko 11:30etan hasiko da.
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak programa zabala prestatu du jaialdia girotzeko. Batetik, goizean zehar, Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat geologok eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek hitzaldi laburrak emango dituzte; uraren, klimaren eta lurraren inguruan arituko dira, besteak beste. Iñaki Perurena harri-jasotzaileak, bestalde, harriaren inguruko gogoeta egingo du, zeinetan bere ibilbideko hainbat pasadizo eta hausnarketa nabarmenduko dituen egingo duen bakarrizketan.
Herri kiroletarako tarte bat ere egongo da; izan ere, azken hilabeteotan zenbait txapelketatan parte hartu duen Karmele Gisasola Zelai III.ak harria jasoko du, batetik, eta, bestetik, Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko harri-zulatzaileek kareharrizko blokeak zulatuko dituzte, kolpeka eta metalezko laztabin bati bira emanez.
Gainera, Merkatu Txikia egongo da egun horretan 9etatik aurrera, non bertako produktuak erosteko aukera paregabea izango duen gerturatzen denak. Bestalde, goiz guztian zehar, Geoparkeko karstaren horma-irudia egiten egongo da Udane Juaristi artista. Goierriko Taloak eta Txindurri Iturri sagardoak beren postua izango dute.
Arratsaldean, doako bi irteera gidatu antolatu dira. Alde batetik, Lasturko harrobira bisita egingo da Hector Fano geologoarekin. Taldea 15:00etan irtengo da Zumarditik eta itzulera 17:30ean dago aurreikusita. Lasturko harrobia EAEko garrantzitsuenetako bat da, eta Geoparkean harri apaingarriak erauzten dituen harrobi nagusia. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da hemen.
Bigarrenik, Felix Ugarte espeleologia elkartearen eskutik Aixa kobazulora espeleologia irteera bat antolatu da. Adituen laguntzarekin kobazulo karstiko horrek gordetzen dituen pasabide eta ezaugarri bereziak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, izan ere, Aixa Izarraitzko Mendigune Karstikoko kobazulorik zabal eta luzeenetakoa da.
16:00etan abiatuko da autobusa Zumarditik eta 18:30ean itzuliko da. Irteera honetan parte hartu nahi duenak izena eman behar du formulario honetan. Kaskoa eta kopetako argia banatuko zaie parte-hartzaileei.
Geoparkeko karsta
Kostaldean Flyscha nola, hala nabarmentzen da barnealdean Karsta. Geologia fenomeno hori, euri urak kareharrizko mendiak disolbatzen dituenean sortzen da eta ezaugarri geologiko bat izateaz gain, gure paisaia, kultura eta tradizioak baldintzatu ditu. Izan ere, gizakiak bere bizimoduarekin paisaia eraldatzen lagundu izan du.
Barnealdeko karst gunea paisaia harrigarriz beteta dago, eta horregatik, ezagutaraztea eta balioan ipintzea du helburu Geoparkeak; flyschean egiten diren ikerketak, kontserbazio ekimenak edota turismo jarduerak eremu horretan ere garatu nahi ditu Geoparkeak.