2013-05-23
Ekainaren 9ra bitartean Europar Geoparkeen Astea ari da burutzen Euskal Kostaldeko Geoparkean. Helburu nagusia bertako ondare natural, geologiko eta kulturala herritarrei gerturatzea da.
Geoparkearen Astea Europako Geoparke guztietan ospatzen da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondarea herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.
Geoparkearen Astearen baitan, larunbatean, maiatzak 25, Ate Irekien Jardunaldia egingo da Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan, herritarren artean Mutrikuko historia geologikoa ezagutzera eman asmoz. Sarrera irekia izango da egun osoz, doakoa, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara. Egun osoan zehar bisita gidatuak egingo dira eta ikus-entzunezko bat ikus ahal izango da.
Egun berean, 12:00etan, “Mutrikuko flysch beltza. 110 milioi urteko historia” liburuaren aurkezpena hartuko du Nautilus Ikasgune Geologikoak. Bertan izango dira Jesus Mari Narvaez, Nautiluseko fosil bilduma ederraren jabea eta urteetan zehar fosil ikusgarri hauek labarretatik erreskatatu dituen pertsona bere emazte Espe Azkarragarekin batera, eta Jose Angel Torres Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta liburuaren idazlea. Herritarrak gonbidatuta daude ekitaldi honetara, parte hartzea irekia izango da.
Igandean, doako bisita gidatua
Igandean, maiatzak 26, Geoparkeak doako bisita gidatua eskainiko du. “Marearteko zabalguneko biodibertsitatea”. Gida-aditu baten laguntzarekin, partaideek Deba eta Zumaia arteko itsaslabar ikusgarriak bisitatu -Biotopo Babestu izendatua- eta bertan marearteko zabalgunearen natura-aberastasuna eta geologia ezagutzeko aukera izango dute.
Hitzordua Deban izango da, goizeko 10:00etan. Oraindik badago tokia. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aurrez Debako Turismo Bulegoan (943 192 452).
Hitzaldiak, umeentzako tailerrak eta bestelako jarduerak
Hitzaldiak ere izango dira Geoparkearen Astean, adituen eskutik. Nabarmentzekoa da Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroak maiatzaren 28an hartuko duen hitzaldia, Jose Antonio Arz Zaragozako Unibertsitateko irakaslearen eskutik. 20 urte baino gehiago eman ditu Arz irakasleak K/T muga munduan zehar bilatzen. “Zumaiatik Mexikora: dinosauruen desagerpenaren gakoak” izenburupean, hitzaldia 19:00etan hasiko da. Hitzaldi honetan, Arz irakasleak meteorito erraldoiaren talka frogatzen duten frogak erakutsiko dizkigu mundu guztiko azaleramenduetan zehar. Dinosauruen desagerpena era ulergarri batean ezaguzteko aukera paregabea izango da. Hitzaldiaren edukia dibulgatiboa izango da, publiko zabalari zuzenduta.
Bestalde, Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak, Asier Hilariok, Geoparkeko interesgune geologikoei buruzko hitzaldiak eskainiko ditu Deban eta Zumaian. Ezinbesteko hitzordua izango da Geoparkeko geologia ezagutu nahi duten guztientzat. Deban, hitzordua datorren astelehenean izango da, maiatzak 27, Agirre jauregian, 19:00etan. Zumaian, aldiz, ekainaren 4an izando da hitzaldia, Algorri Interpretazio Zentroan, 19:00etan.
Bestalde, asteazkenean, maiatzak 29, “Nortzuk izan ginen eta nortzuk gara” ekimena egingo da Zumaian, Jon Maia bertsolari zumaiarraren partaidetzarekin. Ekimen honen bidez, Geoparkeko hiru herrietako euskarazko ahozko ondarea ezagutarazteaz gainera, bertako euskaldun zaharrek oraintsu arte izan dituzten ohitura eta bizimodua erakutsi nahi da. Horretarako, Deba, Mutriku eta Zumaiako biztanleen euskarazko testigantzak jaso dira 3 bideotan. Proieku hau Euskal Kostaldeko Geoparkeak bultzatu du Badihardugu Euskara Elkartearen laguntzarekin, ‘Ahotsak’ ekimenaren baitan. 3 bideo hauek ‘Itsasoa’, ‘Ohitura eta sinesmenak’ eta ‘Nortasuna’ gaiak jorratzen dituzte.
Gainera, maiatzaren 31an, umeentzako tailer geologikoak egingo dira kalean, Deban, Mutrikun eta Zumaian aldi berean, 18:00etatik aurrera, Geoparkeak dituen balioen zabalkundea eta heziketa sustatze aldera.
Kontsultatu hemen Geoparkearen Asteko egitarau osoa.