2015-09-18
Marea biziak izango ditugu euskal kostaldean iraileko azken egunetan. Zalantzarik gabe, ikusmin handia sortzen duen gertaera da eta ezin hobea Euskal Kostaldeko Geoparkeko marearteko zabalgunea ezagutzeko.
Itsasoko uraren maila baxuenak aprobetxatuz, Geoparkeak marearteko zabalgunea ezagutzeko 3 bisita gidatu eskainiko ditu irailaren 27an eta 29an.
Irailaren 27an, igandea, bi bisita gidatu egingo dira, bata Deban, Sakoneta inguruan (euskaraz) eta bestea Zumaian, Algorrin (gazteleraz). Bi irteerak goizeko 10:00etan egingo dira. Irailaren 29an, asteartean, beste bisita gidatu bat egingo da, goizeko 11:00etan, Zumaian (gazteleraz).
Bisitaren iraupena 3 ordu eta 15 minutukoa da. Gomendagarria da haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak eta ura eramatea.
“Bisita harrigarri honek biologiari erreparatzen dio batez ere. Itsasbehera oso behean dagoenean bakarrik egin daiteke. Gidari espezializatu baten laguntzaz, marearteko zabalgunea ezagutuko dugu, labarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsua. Oso ekosistema aberatsa dauka: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak eta bestelako izakiak aurkituko ditugu; kolore eta forma anitzetako bizitza zabalduko zaigu begien aurrean.”