2016-01-15
"Mutriku, euskal itsasoaren talaia" izenburupean, Mutrikuko Udalak 13 interpretazio-panel jarri ditu herriko gune ezberdinetan, herritarrei zein bisitariei herriaren historia, monumentuen garrantzia eta bertako kultura eta ohituren berri emateko helburuarekin.
Mutrikuko Udalak hamahiru informazio-panel jarri ditu herriko eraikin, kale eta gune garrantzitsuenetan, hirigune historikoa museo txiki bilakatuz. Panel turistiko hauek Mutrikuko historiaren, monumentuen garrantziaren eta bertako kultura eta ohituren berri ematen dute. Bisitariarentzat bakarrik ez, panelek herritarrentzat ere interesgarria izan daitekeen informazioa eskaintzen dute.
Interpretazio-panelak 4 hizkuntzatan egin dira (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa) eta idatzizko informazioaz gainera, QR kodeen bidez hainbat eduki deskargatu ahal izango da, horien artean, Txurruka plazan airetik grabatutako bideo bat. Bestalde, izaera ludiko-didaktikoa izango duen APP bat ere sortzen ari da Udala, ikasleentzat pentsatua, eta erabilgarri egongo da datorren hiletik aurrera.
Interpretazio panelen aurkezpen ekitaldia gaur egin da Mutrikun, Jose Angel Lizardi alkatea buru zela. Bertan izan dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso, eta Geoparkeko Zuzendari Zientifikoa, Asier Hilario. Haiekin batera, Debegesa Debabarreneko garapen agentziako eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariak izan dira. Aurkezpenera bertaratu direnek bisita gidatua egin dute panel turistikoen ibilbidea jarraituz, Jose Antonio Azpiazu historialari eta antropologoaren eskutik.
Geoparkearen Interpretazio Plana
Mutrikuko Udalak aurrera eraman duen ekimen hau Euskal Kostaldeko Geoparkearen Interpretazio planaren baitan kokatzen da. 2012an aurkeztu zen Interpretazio Plana eta bertan zehazten da Geoparkea osatzen duten udalerrietako bakoitzari (Zumaia, Deba eta Mutriku) zer diskurtso egokitzen zaion, dauzkan baliabide eta ezaugarrien araberakoa: Zumaiari “Kostaldeko Geologia”, Debari “Barnealdeko Geologia” eta Mutrikuri “Euskaldunen itsasorako irekiera”. Hala, Mutrikun jarri diren panel turistiko berriek diskurtso horrekin bat egiten dute.
Informazio-paneletako bat, Beheko plazan