Helmuga turistiko jasangarri gisa promozionatuko da Geoparkea Fiturren

2017-01-16

Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak presentzia bikoitza izango du aurten Fitur turismo azokan. Batetik, Euskadiko standean izango du lekua eta, bestetik, Europako UNESCO Geoparkeen Sareak turismo azokan izango duen txokoan. Bertan Europan egun dauden 69 geoparkeak helmuga turistiko jasangarri gisa promozionatuko dira.

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalerriek osatzen duten Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak presentzia bikoitza izango du aurten Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan, asteazkenetik aurrera. Batetik, natura-turismo eta geoturismo eskaintza zabalaren berri emango du Euskadiko standean, Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan. Bestetik, Geoparkeak bere stand propioa izango du Fiturren, Europako UNESCO Geoparkeen Sarearen babespean. Bertan Naturtejo (Portugal), Sobrarbe (Huesca) eta Villuercas Ibores Jara (Extremadura) Geoparkeekin batera promozionatuko da, helmuga turistiko berritzaile eta jasangarri gisa.

Geoparkeko ordezkaritza osatuko duten kideen artean, Debako eta Mutrikuko alkateak izango dira, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi, Zumaiako Udaleko ordezkariekin batera. Agendan dituzten hitzorduen artean, ostegunean, hilak 19, Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urtearen harira Geoparkeen Munduko Sareak eta estatu espainiarreko Geoparkeen Batzordeak antolatu duten ekitaldian parte hartuko dute. Ekitaldia Extremadurako standean egingo da eta bertan hartuko du hitza Nickolas Zourosek, UNESCOk babesten duen Munduko Geoparkeen Sareko presidenteak. Ekimen honen baitan aurkeztuko da “Geoparkeak, turismo jasangarriaren helmuga berritzaileenak" liburua. 

2017. urtea Garapenerako Turismo Jasangarriaren Nazioarteko Urte izendatu du Nazio Batuen Erakundeak eta Europako UNESCO Geoparkeen Sarea ekimenarekin bat egin duten babesleen artean dago. Nazioarteko Urtearen irekiera ekitaldia Fiturren egingo da asteazkenean. 

Bisitarien igoera nabarmena Geoparkean

Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak bisitari kopuruaren igoera nabarmenarekin amaitu du 2016 urtea. Guztira, 14.076 lagunek parte hartu zuten iaz Geoparkeak eskainitako bisita gidatuetan, aurreko urtearekin alderatuz %44 gehiago.

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalerriek osatzen dute Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea. Aparteko ondare geologiko, natural eta kulturala du eta turismo jasangarri eta geoturismo eskaintza berritzaile eta onenetarikoa eskaintzen du Euskadin. Egunotan Geoparkeak astebururo ditu esperientzia turistikoak, bertako herritar zein bisitariei Lurraren historia zirraragarria, paisaiaren edertasuna eta hiru herrietako kultura hurbiltzea helburu dutenak. Aldi berean, Geoparkea badabil 2017 urte osoko egutegia eta programa prestatzen.

Helmuga turistiko jasangarri gisa promozionatuko da Geoparkea Fiturren