2025-06-02
Euskal Kostaldeko Geoparkeak maiatzaren 23tik ekainaren 1era antolatutako ekimenetan jende ugarik parte hartu du.
Europako Geoparkeen 16. Astea amaierara helduta, aho-zapore gozoarekin geratu dira antolatzaile zein parte-hartzaileak. Deban, Mutrikun eta Zumaian egin diren bisita, hitzaldi eta abarretan talde mardulak bildu dira eta, eguraldia lagun, aurreikusitako ekitaldi guztiak egoki burutu dira.
Azpimarratzeko ekitaldien artean, Geotalks saio berezia, Geoparkeko Bira ibilbidearen bigarren etapan txangoa, eta Artzainerreka bailarako flora ezagutzeko Biotop landa-irteera. Horietaz gain, umeentzako tailerra, museoen ate irekien jardunaldiak eta saguzarrak gertutik ezagutzeko irteera bat antolatu ditu Geoparkeak.
Geoparkeak Mikroipuin Lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du aurten eta irabazlea Edurne Nuñez izan da. Parte hartu duten sortzaileen artean egindako zozketaren irabazlea, berriz, Iñigo Legorburu suertatu da. Zorionak biei!
Eskerrik asko aurtengo Europako Geoparkeen Astean parte hartu duzuen guztioi eta egitaraua osatzen lagundu duten herritar, elkarte zein erakundeei. Datorren urtean, gehiago!