"Haitzen hitza" dokumentalaren emanaldia eta Asier Hilarioren hitzaldia, asteartean Bilboko Elkar aretoan

2013-11-15

Noraezean Euskal Herriko Elkarte Geografikoak antolatuta, datorren asteartean hilak 19, 18:30ean, "Haitzen hitza" dokumentalaren emanaldia egingo da Bilboko Elkar aretoan. Asier Hilario, EHUko Geologia Doktorea eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko Zuzendari zientifikoa, dokumentalaren egileetako bat da eta bertan egongo da emanaldiaren ondoren solasaldia egiteko. 

Harkaitzek hitz egiten dutenean, bizitzaz eta heriotzaz mintzo dira, izan ginenaz eta garena izatera nola iritsi garen esaten digute, eta baita ere gure mundu nolakoa izan zen eta zergaitik diren era honetakoak gure paisaiak. Lurraren bilakaeraren erregistroaren parte bat dira harkaitzak. Gure kostaldean, Zumaiako flyscha osatzen duten arrokak gure planetaren milloika urtetako historia geologikoa kontatzen diguten liburu ireki bat dira, Europako geoparkeen barnean dagoen nazioarte mailako altxor aberatsa, krisi biologiko handi eta aldaketa klimatikoetan barrena garamatzana. "Haitzen hitza" dokumentalak gertakari hauen izaera eta ondorioak aztertzen ditu, gaur egungo egoerekin paralelismoak proposatzen ditu eta galdera bat luzatzen digu: gai izango ginateke gaur egun horiei aurre egiteko?

 

None
"Haitzen hitza" dokumentalaren emanaldia eta Asier Hilarioren hitzaldia, asteartean Bilboko Elkar aretoan