2023-04-25
Guuk Gipuzkoa Basket taldeko ordezkariek Geoparkea bisitatu zuten, atzo. Besteak beste, zuzendaritza batzordeko eta lantaldeko hainbat ordezkari, Lolo Encinas entrenatzailea eta Xabi Beraza eta Ander Martinez jokalariak Zumaian izan ziren ‘Flyscha, begirada batean’ bisita gidatuaz gozatzen.
Urrezko LEB Ligan lehiatzen den taldeak bere elastikoan darama flyscharen irudia eta Gipuzkoan eta hemendik kanpo erakusten dabil gizartearekiko eta ingurmenarekiko duen erantzukizunaren adibide gisa. Taldearen horma-irudi ofizialak ere Geoparkearen paisaia erakusten du.
Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeatzaile Leire Barriusok harrera egin zien Zumaiako Txomin Agirre kaian eta handik itsasoratu ziren flyscha itsasontziz ezagutzera. Ordubeteko nabigazioa egin zuten Geoparkeko kosta ikuspegi geologikotik eta kulturaletik ezagutzeko. Txangoan zehar, flyschari buruzko azalpenak jaso zituzten, baita eskualde honetan oso garrantzitsuak izan ziren bizimodu eta ohiturei buruzkoak ere.
Geoparkea bisitatu ondoren, saskibaloi taldearen babesle den Getariako Ameztoi txakolindegian bisita gidatua eta dastaketa egitera joan ziren taldekideak.