2014-01-16
Euskal Kostaldeko Geoparkeko Flyscha albiste da beste behin eremu zientifikoan, afloramendu hau nazioarte mailan erreferentzia dela eta, aurrerantzean ere, izango dela baieztatuz.
“Geologia eta Meatze buletina” nazioarte mailako hiruhilabetekaria da eta Espainiako Geologia eta Meatze Institutuak (IGME) argitaratzen du. Urtez urte sendotuz joan den aldizkaria da, 1874an lehendabiziko argitalpena kaleratu zuenetik. Egun, 50 artikulu inguru argitaratzen ditu urtean. Prestigio handiko aldizkaria da, urtez urte nazioarteko aipamen kopuruaren gorakadak baieztatzen duenez.
2013ko zientzia-artikulu onenaren saria jaso duen lanak “Detailed correlation and astronomical forcing within the Upper Maastrichtian succesion in the Basque Basin” du izenburu. Errekonozimendu honek J. Dinarès-Turell (Instituto Nazionale di Geofisica e Vulcanologia, Erroma), V. Pujalte eta J. Elorza (Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU) ikertzaileen lana saritu nahi du. Ikertzaile talde honek bi hamarkada baino gehiago daramatza Zumaiako sekzioan lanean.
Burututako lanak datu berriak azalerazi ditu KT muga entzutetsuan dinosauruen desagertze handia gertatu aurreko 3 milioi urteetan jazotako gertakizunei dagokionean. Zumaian, Sopelan eta Hendaian aritu dira xehetasun azterlana burutzen, Milankovitch-en ziklo astronomiko-klimatikoek (egun glaziazio eta interglazioazioak kontrolatzen dituzte) Flyscharen sedimentazio geruzetan gauzatzen duten kontrolean oinarrituz.
Ziklo-eredu hau erresoluzio handiko karbonato erregistro baten bidez detektatu daiteke, Zumaian egin dutena, hain zuzen ere. Honela lortu da desagertze handiaren aurreko gertakizun magnetiko, klimatiko eta biotikoen kronologia xehetasunez zehaztea.
*Saritutako artikulua irakurri:
http://www.igme.es/internet/boletin/2013/124_2/11_ARTICULO%208.pdf
Sariaren banaketa urtarrilaren 20an izango da 11:30ean Geologia eta Meatze Institutuan, Madrilen. Victoriano Pujaltek, lanaren ko-egileak, diploma jasoko du erakunde honetako zuzendariaren eskutik.