2014-03-25
Geoparkeen Europako Sarearen 33. Koordinazio Batzarra burutuko da martxoaren 26tik 29ra Sobrarbe-ko Geoparkean, Pirinioetan (Huesca), eta Euskal Kostaldeko Geoparkea bertan izango da.
Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkaritza batek Pirinioetara egingo du bidaia, bihar hasi eta larunbatera bitarte Sobrarbeko eskualdean egingo den Europako Geoparkeen topaketan parte hartzeko. Bertan parte hartuko dute Geoparkeko gerenteak, Leire Barriusok, eta Zuzendari Zientifikoak, Asier Hilariok. Batzarra Bielsako paradorean egingo da (Huesca).
Geoparkeen Europako Sarearen Koordinazio Batzarra urtean bi aldiz batzen da, aldiko Geoparke desberdin batean, Sarearen azken aurrerapausoak aztertu eta kideen arteko jarduera eta programak koordinatzeko.
Gogoratu, Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010. urteaz geroztik da Geoparkeen Europako Sareko kide.
Sareko kide guztiek, lau urterik behin, Geoparke izaera berresteko azterketa zorrotza gainditu behar dute, Sareko kide izaten jarraitzeko, alegia. Honela, Euskal Kostaldeko Geoparkeak uda honetan jasoko du Geoparkeen Europako Sareko ebaluatzaileen bisita. Sobrarben egunotan burutuko den bileran jakinaraziko da ofizialki bisita hau noiz izango den.
Egun, Geoparkeen Europako Sarea 58 geoparkek osatzen dute, Europako 20 herrialde baino gehiagotan banatuta. Sareak helburu hirukoitza du: geodibertsitatea babestea, herritarren artean ondare geologikoaren sustapena, eta lurralde hauen garapen ekonomiko jasangarria bultzatzea, batez ere, geoturismoaren bitartez. Sareak, gainera, UNESCOren babesa dauka.
Europar topaketa honekin batera, Espainiar Estatuko Geoparkeen Foroak ere batzarra egingo du. Foro honetako kide dira, Euskal Kostaldeko Geoparkearekin batera, Sobrarbe (Huesca), Katalunia Erdigunea, Maestrazgo (Teruel), Villuercas (Cáceres), Cabo de Gata (Almería), Subbetika (Kordoba) eta Sevillako Ipar Mendilerroa.