Geoparkeen Europako Astearen 8. edizioak ondare kulturala nabarmenduko du

2018-05-16

Maiatzaren 23tik ekainaren 10era, geoturismo, hezkuntza eta zientziaren dibulgazio-ekimenak egingo dira Deban, Mutrikun eta Zumaian, Euskal Kostaldeko Geoparkearen balioak ezagutzera emateko.

#EGNWeek2018

Geoparkeen Europako Astea maiatzaren 23an hasi eta ekainaren 10era bitartean egingo da zortzigarren aldiz Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean. Ekimen hau Europan egun dauden 71 geoparkeetan egingo da aldi berean, ondare geologikoa ezagutzera eman eta  herritarrengan ondarearen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin.

Aurtengo edizioan, Geoparkeak egitarau aberatsa antolatu du, publiko zabalari irekia. Besteak beste, hitzaldiak, zinea, tailerrak, ondare kulturala ezagutzeko bisita gidatuak, “Originala edo erreplika?” erakusketaren inaugurazioa, “Historiaurreko gizakia Geoparkean” marrazki lehiaketako sarien banaketa edota Geoparkeko hogei bat entitate -oraingoz- biltzen dituen GeoparkeZaleak egitasmoaren aurkezpena. Jarduerak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira eta doakoak izango dira.

Denetariko eta denentzako jarduerak

Maiatzaren 23an, asteazkenean, izango da lehendabiziko hitzordua, Zumaian. ZIIZ elkarteak antolatuta, Nafarroako industria ondarearen eta kulturaren ikertzaile den Victor Manuel Egiak hitzaldia emango du, “El Patrimonio industrial. ¿Olvido, desconocimiento o desinterés?” izenburupean. Oxford aretoan izango da, 19:00etan. 

Maiatzaren 25an, ostiralean, Originala edo erreplika?” erakusketaren inaugurazioa egingo da Algorri Interpretazio Zentroan. Geologia eta Meatzaritza Institutuak (IGME) prestatutako erakusketa da eta bisitariek fosil eta mineral ezberdinen erreplikak benetako aleen ondoan ikus ahal izango dituzte. Erakusketak erronka bat jarriko diote bisitariari: ea asmatzen duten erakusketako zein pieza diren benetakoak eta zein kopia perfektuak. Erakusketa ekainaren 30era arte egongo da zabalik. 

Maiatzaren 30ean, asteazkena, Geoparkeak GeoTalks ekimenaren bigarren edizioa hartuko du, James Cameronek duela 15 urte Zumaian filmatu zuen “Volcanes del mar profundo” (Volcanoes of the Deep Sea) dokumentalaren emanaldiarekin. Jarraian, solasaldi irekia egingo da eta itsaso sakoneko misterioen inguruan arituko dira bi zientzialari eta komunikatzaile ezagun. Batetik, Thierry Juteau, Bresteko Unibertsitateko katedradun emeritua eta nazioarte mailako sari bat baino gehiago jaso dituena eta, bestetik, Carlos Briones, CSICeko Astrobiologia zentroko ikertzailea. Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoak moderatzaile lanak egingo ditu. Zientziari, bizitzari eta itsaso sakonari buruz arituko dira. Ekitaldia irekia izango da. Zumaiako Aita Mari zinean egingo da, 19:00etatik aurrera.  

Maiatzaren 31an, osteguna, GeoparkeZaleak ekimenaren aurkezpena egingo da  Itziarko Itxaspe kanpinean. Geoparkeko hogei bat entitate biltzen ditu oraingoz egitasmoak. Ekitaldia 11:00etan hasiko da eta bertan egongo da Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria. 

Egun berean, arratsaldeko 19:00etan, Itziarko Auzo Udalaren laguntzarekin antolatuta, “Lurarren Bidean” dokumentala ikusteko aukera izango da Burugorrin. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EHUk ekoiztu duten ikus-entzunezko dibulgatiboa da, Geologia ardatz hartuta gure paisaia ulertzen laguntzen duena.

Ekainaren 1ean, ostirala, publiko gaztea izango da protagonista. “Historiaurreko gizakia Geoparkean” marrazki lehiaketako sarien banaketa egingo da. Debako, Mutrikuko eta Zumaiako lehen hezkuntzako ikasleek hartu dute parte lehiaketan, 6 eta 12 urte bitartekoak. Sarien banaketa Deban egingo da, 18:00etan. Ondoren, Debako plazan, “Ekain abentura” tailerra egingo da haur eta gaztetxoentzat, Ekainberriren eskutik.   

Ekainaren 9an, larunbata, Mutrikun bi ekimen egingo dira. Batetik, Beheko plazan, Merkatu Txikia egingo da, bertako ekoizleekin. 11:00etan, ardien ile-mozketa erakustaldia egingo da. Bestetik, Kantauri Garbia elkarteak portuko itsas hondoa garbitzeko deialdia egingo du. Garbiketan boluntario gisa parte hartu nahi duten herritar guztientzat zabalik da ekimena. 

Gainera, urtero bezala, doako bisita gidatuak eskainiko ditu Geoparkeak. beharrezkoa da aurrez izena ematea, taldeak mugatuak baitira. Interesa dutenek erreserba egin dezakete webgunearen bitartez, doan, #GPKastea promozio-kodea erabilita.   

Egitaraua osatzeko, Mutrikuko Nautilus eta Zumaiako Algorri interpretazio zentroek ate irekien jardunaldiak egingo dituzte euren baliabideak ezagutzera eman eta Geoparkeko ondare geologikoa eta naturala herritarrei hurbiltzeko. Nautilusen, sarrera irekia izango da maiatzaren 26an eta 27an. Algorrin, berriz, ate irekiak Geoparkearen Astean zehar egingo dira, maiatzaren 23tik ekainaren 10era.

Aldi berean, Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialen bitartez (@geoparkea), Geoparkeak lehiaketa abiatuko du. Parte hartzen dutenen eta galdera bati zuzen erantzuten diotenen artean, #geoparkea traola erabiliz, bisita gidatuak zozkatuko dira.    

Geoparkeak 8.000 triptiko baino gehiago banatu ditu Geoparkeko etxe guztietan (Deban, Mutrikun eta Zumaian) Europako Geoparkeen Astearen berri emanez, eta herritarrak parte hartzera gonbidatuz.

Geoparkeen Europako Astearen 8. edizioak ondare kulturala nabarmenduko du